Inside eta Limbo sarituen Dino Patti sortzailearen lan berria da; hauen mekanikak jarraituko ditu.
Jumpship estudioak azkenik iragarri du Somerville desiratuaren argitalpen data: azaroaren 15ean kaleratuko dute zientzia fikziozko girotzedun akziozko abentura.
Argitaratutako azken trailerraren bukaeran ikus daitekeenez: PC-rako zein Xbox kontsoletarako prestatzen ari dira bideojokoa Dino Patti garatzailearen talde berrikoek. Zehazki, Steam nahiz Epic Games Store saltokietan kaleratuko dute, baita Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuan ere.
2017ko udan aurkeztutako titulua da Somerville; are gehiago, Jumpship estudioa ere jokoarekin batera ezagutzera eman zuten. Hauen lehen lana den arren, sortzailea zein kideetako batzuk Playdead estudioko beteranoak dira: Inside eta Limbo maisulanetan lan egindakoak dira beraz, besteak beste.
Somervillek bi jokoon antzeko oinarriak eta mekanikak edukiko ditu. Inbasio estralurtar baten ostean bizirauteko lanean dabiltzan pertsonaia desberdinen rola hartuko dugu bertan; dirudienez, familia bateko kideak izango dira protagonistak. Atal estetiko sinplea erabiltzen ari dira obra eratzeko, baina aldi berean animazio biziak eta dinamikoak prestatuko dituzte.
Hala ere, iragarri zutenetik hona eskainitako informazioa oso urria da: asko jota, bideo laburrak zein biziak argitaratzen joan dira interesa pizteko, jokoari buruzko ezer gutxi azaldu gabe.
Zer nolakoa den ezagutzeko, esan bezala, azaroaren 15era itxaron beharko dugu.
Iruzkinak