Dragoi Bola GTko Gogeta eta Super Baby 2 mugimenduan erakutsi dituzte lehen aldiz trailer batekin.
Dragon Ball FighterZren hirugarren denboraldiaren azken txanpan sartu dira Arc System Works eta Bandai Namco. Ikusteko dago borroka jokoari bukaera emango dion denboraldia izango den, baina momentuz zaleek ikusiko dituzten azken bi borrokalariak iragarri dituzte ofizialki. Baby bilauaz gain Gogetaren Super Saiya 4 forma ere helduko da FighterZra.
Ezustean eta teaser labur batekin aurkeztu dute Gogetaren GTko transformazioa. Ez da Goku eta Vegetaren arteko fusioa borroka jokoan ikusten dugun lehen aldia: lehen denboraldian Vegetto gehitu zuten, eta bigarrenaren amaieran Gogetaren Super Saiya Blue forma jaso zuen bideo-jokoak. Trailerrean borrokalariaren sarrera ikus daiteke, Goku eta Vegeta Super Saiya 4n transformatuta fusio dantza egiten.
Izan ere, trailerraren ardatza Baby izan da; V-Jump aldizkarian filtrazioa izan zuen arren arduradunek ez dute ofizialki aurkeztu orain arte, eta bere mugimenduak eta abilezia bereziak ezagutzera eman dituzte bideoan. Dragoi Bola GTko bilaurik esanguratsuena parasito bat da, besteen gorputzak kontrolatzeko ahalmenarekin. Horren bidez Vegetaren gorputza kontrolpean hartzen du borrokan egin ahal izateko, baina FighterZn botere horrek beste aukera batzuk eskainiko ditu.
Etsaiak akatzerakoan hauen eraso bereziak erabiltzeko gai izango da Baby. Asistentzia bezala funtzionatuko dute, Babyren taldea gero eta boteretsuagoa eginez arerioak garaitzen doan bitartean. Horrez gain Golden Ohzaru tximuan transformatuko da bere erasorik boteretsuena gauzatzeko. Ahalmen eta eraso guzti hauek atzo bertan aurkeztu zituzten xehetasun guztiekin ia hiru orduko iraupena izan zuen aurkezpen digitalean. Babyren mugimenduak ez ezik, gainerako borrokalariekin egindako aldaketak ere zehaztu zituzten.
Baby laster iritsiko da Dragon Ball FighterZra: urtarrilaren 15ean gehituko dute. Gogeta Super Saiya 4k ez dauka argitaratze datarik, baina garatzaileek “laster” argitaratuko dutela agindu dute.
Dragon Ball FighterZ PC, PS4, Xbox One eta Switchean jokatu daiteke.
Iruzkinak