Nintendoren kontsola berria martxoaren 3an jarriko dute salgai, 330 eurotan. Kontzeptu gisa berrikuntzak ekartzeaz gain, jokatzeko era tradizionalari buelta bat eman nahi dio kontsola honek: besteak beste, esperientzia berriak eskainiko dizkigu JoyCon aginteen bidez.
AZAROAN 3 minutuko iragarki baten bidez erakutsi zitzaigunaz aparte, orain arte ez genekien ezer Nintendo Switch kontsolari buruz. Mahaigainekoaren eta eramangarriaren arteko hibrido bat dela eta aginteak askatu ahal zaizkiola. Ezer gutxi gehiago. Baina, urtea hastearekin batera, Nintendok ofizialki aurkeztu digu kontsola berria, ordubeteko konferentzia batean. Bertan kontsolari buruzko datu gehiago eman dizkigute, baita lehen urtean izango dituen jokoak aurkeztu ere.
KONTZEPTU BERRI BAT
Nintendoren apustu berria da Switch, eta arrakastaren bila joateko 6,2 hazbeteko ukipen anitzeko tableta bat aurkeztu digute. Bereizmena 720pkoa da. Tableta horri JoyCon deituriko bi aginte atxikitzen zaizkio. Tabletaren bihotza Nvidia Tegra X1 txiparen moldaera bat da, eta horren potentzia moztua dago tableta moduan jokatzean. Tabletarentzat dock bat ere izango dugu; tableta hemen ipinita, telebistan jokatu dezakegu, JoyCon-ak tabletatik kendu eta grip batean jarriz agintea sortzen delarik. Tableta dockean dagoenean potentzia osoarekin lan egingo du, eta ondorioz jokoek berezko 1080pko bereizmenean funtzionatuko dute. JoyCon bakoitza aginte erdi bezala ikus daiteke, biak batuta aginte oso bat sortuz. Hala ere, jokalari anitzeko jokoetarako, JoyCon bakoitza aginte independente bat da, bere botoi guztiekin. Kontzeptua argia da: eramangarria den kontsola, bere dock-ean jarriz mahaigaineko kontsola bihurtzen dena. Gainera, JoyCon-ak kenduta, jokalari anitzek batera jokatu dezakete. Eta 8 Switch kontsolara konekta daitezke, Wifi bidez denek batera jokatzeko.
JOKOETAN DAGO GARRANTZIA
Kontsola erakargarria da Nintendo Switch, baina jokorik gabe ez da ezer. Horregatik, Nintendok, kontsolaren lehen egunerako joko potolo bat dakarkigu: The Legend of Zelda, a Breath of the Wild. Saga famatuko ale berri hau mundu irekikoa izango da, Zelda jokoek dituzten mekanikak mantenduz. Honekin 1,2 Switch ere merkaturatuko da, lagun arteko joko kasual bat, JoyCon-ei etekina ateratzeko egina. Beste joko hauek ere lehen egunerako izango dira: Just Dance 2017, Skylanders Imaginators eta Super Bomberman R.
Nintendok, gainera, hilero AAA joko bat egongo dela iragarri du. Horrela, Super Marioren joko berria, Super Mario Odissey, Gabonetarako iragarri dute. Aurretik, urtean zehar, hainbat joko aterako dira: Mario Kart 8 Deluxe, Xenoblade Chronicles 2, FIre Emblem Warriors... Third Party-ei dagokienez ere, joko garrantzitsuak iragarri dituzte: I Am Setsuna, Sonic Mania, FIFA, Ultra Street Fighter II...
JOKALARIEN KEZKAK
Itxura batean dena perfektua izango dela badirudi ere, dena ez da hain polita izango. Switch-ak kritika ugari izan ditu, hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, bateriaren iraupena, tableta moduan, 2,5 ordutik 6,5 ordura bitartekoa izango da. Askorentzat, hori ez da nahikoa. Bestalde, online jokoa ordainpekoa izango da lehen aldiz eta jokalarien komunitateak ez du batere ondo hartu berri hori. Potentziari dagokionez, PS4 bat baino zertxobait baxuagoa dela diote, eta askok hori baino ahaltsuagoa izango zela espero zuten. Azkenik, prezioari dagokionez, txutxu-mutxuek 250€ inguruan egongo zela zioten, baina azkenean 330€ inguruan atera dute, jendearen haserrea eraginez. Zalantzarik gabe, Switch oso kontsola interesgarria izango da. Kontzeptu gisa berrikuntzak dakarzkigu eta jokatzeko era tradizionalari buelta bat eman nahi dio.
Jokoei dagokionez, Nintendoren frankizia famatuen entregak bermatuta ditugu, Nintendoren betiko kalitatearekin batera. Beraz, ondo saltzen badu, etorkizun ona izan dezake aparailu honek. Gainera, azken berrien arabera, aurre-salmentak oso onak izaten ari dira. Baina denborak soilik esango digu zer nola doakion Nintendori etapa berri honetan.
Deiako Ortzadar aldizkarian publikatua Urtarrilaren 28an (Jaitsi).
Iruzkinak (2)
Urtzi Odriozola Feb. 24, 2017, 5:37 p.m.
Hona hemen Nakor Gonzalezek zuzeu.eus agerkarirako bildu eta laburtu dituen iritzi sorta:
http://zuzeu.eus/tekno/probatu-dutenek-nintendo-switch-berriaz/
Xabier Calvo Feb. 26, 2017, 11:16 p.m.
Interesgarrixa. 5 egun falta dira. Ea zelan hasten den Switch-en ibilbidea. Martxoak 3an ez ditu joko ugari izango, baina Zeldagatik bakarrik merezi dau kontsolak nik uste. Nik momentuan ez dauzkat 319€ Switch erosteko, beraz, aurrezten joango naiz, eta bitartean Zelda WiiU-an jokatuko dot.