Android eta iOS bertsioak iragarri ditu Localthunk garatzaileak. 2025ean jokagarritasun eguneraketa handia gaineratuko dio.

Balatro karta jokoa gailu mugikorretara dator. Ordenagailuan nahiz kontsoletan proposamen sinple bezain dibertigarriarekin milaka jokalari harrapatzea lortu ondoren, irailaren 26an edozein tokitan jokatzeko aukera eskainiko digute Localthunk egileak eta PlayStack argitaletxeak.

Ohi bezala, umorez betetako bideoarekin iragarri ditu Android zein iOS gailu mugikorretarako bertsioak. “Produktibitatea madarikatua izan dadila!” dio egileak trailer psikodelikoan.

Pokerrean roguelike elementuekin ariko gara Balatron. Oinarrizko partidekin hasiko gara, non puntu kopuru zehatza lortu beharko dugun; aurrera egin ahala, areagotzen doan marka hausteko laguntzak eta abantailak eskuratuko ditugu gatibatuta edukiko gaituzten dueluetan.

Otsailean estreinatu zen garatzaile bakarrak sortutako titulu arrakastatsua. Nahiz eta polemiketatik igaro —adinkako sailkapenetan 3 urtetik gorakoentzat etiketarekin hasi zen, baina ondoren 18 urtetik gorakoentzat zela ezarri zuten, zorizko jokoa sustatzen zuela aldarrikatuta—, sekulako balorazio positiboak eskuratu ditu argitaratu zenetik.

 

Eguneraketekin bizirik mantentzen

Gailu mugikorrena Localthunk egilearen azken iragarpen handia izan da. Aurretik beste bi eguneraketa erakutsi ditu.

Lehena orain egun batzuk Nintendo Partner Direct aurkezpenean iragarritako Balatro: Friends of Jimbo edukia da. Doako DLC estetiko honetan joko ezagunetako pertsonaiekin apain ditzakegu poker kartak: The Witcher, Vampire Survivors, Dave the Diver eta Among Us ezagunekin elkartu da Balatro eduki gehigarria osatzeko.

Azken eguneraketa, berriz, 2025ean ikusiko dugu: jokagarritasuna aldatzera eta berriztera datorren eduki gehigarria prestatzen ari da egilea. Aipatzen duenez, eguneraketak “ideia eta estrategia berriak ekarriko ditu jokora”. Onena? Adabaki hau ere dohainik eskainiko duela.

Esan bezala, Balatro irailaren 26an kaleratuko da Android eta iOS gailuetan. Apple-n erabiltzaileek, gainera, Apple Arcade harpidetzaren bidez jokatzeko aukera edukiko dute. Une honetan jokatu nahi dutenek PCan zein PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan eros dezakete.