Larian Studios-ekoek aldaketen zerrenda luzea idatzi dute RPG abenturaren orain arteko eguneraketarik handiena iragartzeko.

Hirugarren eguneratze handia jaso du Baldur’s Gate 3k. Urteko bideojokorik arrakastatsuenetakoak akatsak eta gabeziak ditu, zelan ez, baina horiek zuzentzeko prest datoz Larian Studioseko arduradunak.

Adabakiarekin errendimendua hobetzeko aukerak gehitu dituzte, baita jokalariek eskatzen zuten tresna bat ere: ispilu magikoa. Bukatzeko, are erabiltzaile gehiagorengana iritsi dira, MacOS sistema eragilearentzako bertsioa amaitu baitute.

Steam blogean laburtutako aldaketen zerrenda irakur daiteke. Errendimendu hobekuntzen artean hiriko gune batzuetan egindako aldaketak aipatzen dira; hala ere, bestelako zuzenketak ere egin dituzte. Urrun ditugun pertsonaiak desagerrarazi ditzakegu, esaterako. Halako aukerekin ordenagailu xumeenak BG3 mugitzeko gai izatea bilatzen dute Lariangoek.

Gure protagonista, edo Tav, sortzeko editore benetan osoa eratu dute garatzaileek. Orduak eman ditzakegu arrazen, mailen, azpimailen, ahotsen, koloreen, itxuren eta beste hainbat esparruren artean aukeratzen.

Orain arte, baina, zerbait aldatu nahi izanez gero partida berriari ekin behar zitzaion. Ispilu magikoak hori zeharo aldatzen du: gure kanpamenduan aurkituko dugun tresna honekin edozein unetan alda dezakegu itxuraz, zuzenketa txikiak burutuz: arraza eta gorputz mota ez, ordea. Are gehiago, istorioari lotutako erabakiengatik jazotakoak aldaezinak dira, kontuz beraz.

MacOS sistema eragilearentzako euskarriarekin Mac ordenagailuetan jokoak behar bezala funtzionatzea ahalbidetu dute, bukatzeko. Aldaketa handiak inplementatu dituzte; hortaz, adabaki aurreko Mac gailuetan jokatutako partidak ezingo dira erabili. Ez hori bakarrik: jokoak modu egokian funtziona dezan aurreko bertsioa erabat desinstalatzea gomendatu dute garatzaileek, eta mod guztiak kentzea.

Gutxieneko eta gomendatutako zehaztapenak aldatu dituzte MacOSen: Steameko fitxan aurkituko ditugu baldintza berriak. BG3n grafiko aurreratuekin jokatu ahal izateko M1 Pro prozesadorea edukitzea aholkatzen dute; gainera, FSR aukera aktibatzeko diote.

Aipatu modura, hirugarren eguneratzeak askoz berritasun gehiago dakartza. Zerrenda osoa amaigabea da —Steameko karaktereen muga gainditu dutela diote—: jokagarritasun aldaketak, akatsen zuzenketak, interfazerako berrikuntzak eta askoz gehiago nabarmentzen dituzte aldaketen txostenean. Hemen osorik irakur dezakezu.

 

Hamar milioi ale baino gehiago

Baldur’s Gate 3 aurtengo ezustekorik handienetakoa izango da bideojokoen munduan. Larian Studiosen titulua hiru urtez sarbide goiztiarrean egon ondoren, kritika profesionala nahiz jokalariak guztiz maitemindu ditu bere istorio sakonarekin, pertsonaia landuekin, jokagarritasun dinamikoarekin eta grafiko ederrekin.

Arrakasta horrenbestekoa da, Steamen hamar milioi salmentetara iristen ari dela: datuoi GOG plataformako eta PlayStation 5 kontsolako zifrak gehitu behar zaizkie.