Swen Vincke taldeko arduradun nagusiak ziegen eta herensugeen frankizia alboratuko dutela adierazi du GDC egitasmoan.
Jokalari guztien buruak lehertu dituen Baldur’s Gate 3 bikainak ez du espantsiorik edo DLCrik edukiko. Larian Studiosek iragarpena San Frantziskon egunotan egiten dabiltzan Game Developers Conference erraldoian egin du; horren ordez, bideojoko berrien garapenari ekin diote.
Swen Vincke Larian Studioseko zuzendariak ezagutzera eman duenez, BG3ren eduki gehigarria sortzen hasi ziren: “Lortutako arrakastarekin hurrengo pauso argia DLCa sortzea izan beharko litzateke, beraz horrekin hasi ginen”, adierazi dio IGN agerkariari.
Hala ere, Dungeon & Dragons-en 5. edizioko arauekin jokoa prestatzeko zailtasunak aipatu ditu arduradunak, “sistema bideojokoetara eramateak denbora gehiegi hartuta”.
Horrenbeste denbora, “gauza berriei ekiteko gogoz” geratu zirela. Baldursen espantsioa “sortu beharreko zerbait” bezala hartu zuten Larianeko langileek, “bihotzetik egin beharrean”. Hori dela-eta, eguberrietako oporraldiaren ostean estudiora itzultzerakoan Vinckek argi zeukan: proiektua atzera bota behar zuten.
Izan ere, Larianek hainbat proiektu ditu esku artean, eta taldekideak horiekin hasteko gogotsu dabiltzala ikusten zuten arduradunek. “Asmoa horixe zen hasieratik”, dio Vinckek. “Itxiera eman diezaiogun BG3ri, itzela izan da. Gure lana egin dugu”. Erabaki zuzena izan zela dirudi: langileek eskerrak eman zizkioten zuzendariari.
Maisulana txukuntzen bukatuz
Espantsio handiak alboratu badituzte ere, BG3rekin egindako lana ez dute guztiz bukatu oraindik.
Eguneratzeak eta zuzenketak argitaratzen jarraituko dute, orain arte egin bezala, baita gehikuntza handiak ere: adibidez, plataforma arteko mod euskarria inplementatu gura dute, eraldaketak kontsoletara eramanez.
Proiektu txikiak nahiz erraldoiak esku artean
Hurrengo jokoari dagokionez, ez da Divinity: Original Sin 3 izango. Horren ordez, proiektu txikiagoa kaleratzeko asmoa dute orain.
Hala ere, etorkizunera begira, “BG3 txiki utziko duen RPGa” prestatzen hasita dabiltzala aldarrikatu du Vinckek.
Hardwarea zein softwarea, oraingoz behintzat, ez daudela mailara dio, hori bai: “Ez ditut hurrengo belaunaldiko kontsolen zehaztapenak ezagutzen, baina buruan daukaguna sortu ahal izateko hurreratzea espero dut”.
Argitaletxeen diru gosea
GDCA sarietan urteko bideojokorik onenaren garaikurra lortzerakoan argitaletxeen diruzalekeria salatu du Vinckek.
“Diru gosea gauza guzti hau izorratzen aritu da aspalditik, hasi nintzenetik. Ekoizleekin borrokan ibili naiz nire bizi osoan, eta akats berberak ikusten jarraitzen du behin eta berriro, behin eta berriro”.
Hiruhilekoen irabaziak baino ez dituztela ikusten aldarrikatzen du Lariango arduradunak. “Horrek du pisu guztia, zenbakiek baino ez dute axola, jende guztia kaleratzen duzu, eta, hurrengo urtean, ez daukazula inor ohartzen zara, berriz kontratatzen hasi, eta zikloa errepikatu, sistema apurtuta dago…”.
Zikloa hautsi daitekeela nabarmendu du, dena den: “Lasaiago har dezakezu, diruzalekeria mugatu. Langileak zaindu”, dio.
Adierazpenak bideojokoen industriak bizi duen egoera gogorrari lotutakoak dira. 2024ko lehen hilabeteetan 8.000 langile baino gehiago kaleratu dituzte enpresa handiek zein estudio txikiek.
Iruzkinak