Dagoeneko existitzen diren protagonista motak are gehiago eraldatzeko aukera eskainiko digute. Jokoaren azken eguneraketa handia izango da.
Larian Studios Baldur’s Gate 3 bikaina are gehiago hobetzen dabil. Agindu modura, oraindik eguneratze gehiago dituzte esku artean: datorren urtean joko gurutzatua eta argazkiak ateratzeko modu berezia jasoko ditu zortzigarren adabakiarekin. Jokalarientzako ezustekoa ere prestatu dute: pertsonaien edo rolen 12 azpiklase gaineratuko dituzte.
Multijokalarian partida osoak gainditzea da, zalantzarik gabe, BG3ren ezaugarririk zoragarrienetakoa. Gaur egun gure gailu bereko jokalariekin bakarrik batu gaitezke. Eguneraketarekin, hori zeharo aldatuko da: PlayStation, Xbox eta PC —Windows-en zein MacOS-en— arteko partida gurutzatuak (crossplay) ikusiko ditugu. Ez hori bakarrik, gordetako partidak ere plataforma artekoak izango dira. “Bideojokoen jainkoek nahiko luketen bezala”, diote Lariangoek.
Argazkilaritza modua zaleek askotan eskatutako ezaugarria da. BG3ren ehundaka irudi ikusi ditugu sarean: sortutako pertsonaien itxuretatik hasita, munduko txokoetaraino partekatu dituzte jokalariek. Orain, are irudi txukunagoak lortzeko erremintak eskainiko dizkigute: taldeko kideak antola ditzakegu bertan nahi dugun eszena prestatzeko, animazioa edo jarrera desberdinen artean hautatuz, efektuak zein eranskailuak gehituz, edo, zelan ez, kamera nahi bezala mugituz.
Esan bezala, gehikuntzarik esanguratsuena azpimaila berriena da. Pertsonaia mota originalak are gehiago hedatzeko eta hauekin modu desberdinetan jokatzeko aukera eskainiko digute.
Barbaroak, adibidez, erraldoien bidea izeneko azpimaila jasoko du: indarra zein tamaina areagotzeko ahalmenak, alegia. Aldaketa gehiago ikusiko ditugu beste azpimaila batzuetan: aztiek ezpata erabiltzeko aukera edukiko dute xaflabeslari bidea jarraituta, animazio berriak eta guzti jasoko dituen azpimota.
Azpiklaseei buruzko informazio guztia arduradunek Steam plataforman argitaratutako artikuluan aurki dezakegu.
Adabakia argitaratu aurretik, jokalariekin probak abiatuko dituztela adierazi dute egileek. Urtarril hasieran abiatuko dituzte probak, baina izen ematea lehenago irekiko da.
Zortzigarrena, eta, azkena, printzipioz. Agindutako azken eguneratze handia izango da datorren urtean jasoko duguna; horren ostean, Larian Studiosek proiektu berriei helduko dio.
Iruzkinak