Sorkuntza PCan emango da, baina hainbat mod kontsoletara eramateko aukera aipatzen du Larian taldeak. Alfa probaldi itxia abiatu dute dagoeneko.

Larian Studios-ek Baldur’s Gate IIIren mod euskarriari buruzko xehetasunak eskaini ditu. Steam plataforman argitaratutako artikuluan irailean eraldaketak sortzeko erreminta ofiziala argitaratuko dutela baieztatu dute.

RPG abentura bikainaren zazpigarren adabakiarekin gehituko dituzte modak sortzeko tresnak. PCan soilik erabili ahalko ditugu; hala eta guztiz ere, sortutakoak kontsoletan zein MacOS gailuetan partekatzeko aukera egongo da.

Kontsoletara doazen eraldaketek arau batzuk bete beharko dituzte —Ziegak eta herensugeak mahaijokoek erabilitakoak nabarmentzen dira artikuluan—: adibidez, ezingo dira sexu edukirik dituzten modak argitaratu.

Tresnek “ez digute jokoaren nukleoko edukiak aldatzeko aukera emango”, zoritxarrez: istorio, zinematika, hizketaldi, misio, maila edo kokaleku berriak prestatu gabe geratuko gara. Horren ordez, eduki estetikoak aldatzea edo eratzea izango da erreminton helburu nagusia.

Larian tresnekin bukatzen dabilen bitartean, komunitatearen feedbacka eskatuko dute. Alfa probaldi itxian abiatu zuten atzo bertan: gutxi batzuek orain arte prestatutakoak probatzeko aukera daukate. Uztailean, berriz, beta faseari ekingo diote, hau ere itxia: mila pertsona inguruk parte hartuko dute.

Modak partekatzerakoan hainbat bide egongo dira, baina ofiziala Mod.io webgunea izango da. “Moden euskarria plataforma guztietara bideratzeko bidea” dela diote Lariangoek: PCrako zein kontsoletarako euskarria edukitzeaz gain, instalazio eta funtzionamendu gidak batu daitezke.

 

Joko gurutzatua eta askoz gehiago

BG3k modentzako euskarria baino askoz gehiago jasoko du datozen hilabeteotan, baina: garatzaileek plataformen arteko joko gurutzatuan (crossplay) eta argazki modalitatean lan egiten dabiltzala adierazi dute. Uste baino eginkizun zailagoa dela azpimarratzen dute, hori bai, eta luzerako doazela diote.

15 milioi bideojoko baino gehiago saldu ditu rol sagaren hirugarren atalak, ikaragarrizko arrakasta lortuta, eta iazko ezustekorik handienean bilakatuta.

Etorkizunera begira jarri dira, ordea, Larian Studiokoak: hurrengo proiektuetan ziegak eta herensugeak alboratuko dituztela adierazi zuen Swen Vincke taldeko arduradun nagusiak.