20. Korrikak BatZuk lelopean jendea euskarara modu positiboan bildu eta hurbiltzea nahi du, eta horretarako ukaezina da aisialdiaren indarra. Bestalde, argi dago bideo-jokoen industria sasoitsuenetako bat dela egun, eta jende askorentzat oso erakargarria, gazteentzat bereziki.
Bi ideia hauetaz jakitun, Korrika Kulturala Gamer Gela ekintza antolatzen ari da martxoaren 17rako Portugaleteko Gazte Gelan, Game Erauntsia gure euskal bideo-jokozale komunitatearen eskutik.
Egitasmoan, bertaratutakoek komunitateak euskaratutako hainbat joko probatu ahal izango dute. Gainera, Stepmania txapelketan parte hartzeko aukera ere egongo da, abesti guztiak euskarazkoak diren bertsio berezi batean. Lehenengo bi sailkatuentzat sariak egongo dira: irabazlearentzat bideo-joko bat (zein den oraindik konfirmatzeke dago), eta bigarrenarentzat bi pertsonentzako afari bat Carlos VII kaleko Domino’s Pizzan.
Amaitzeko, AEK-ko irakaslea den Game Erauntsiko kide batek Bideo-jokoak euskara sustatzeko hitzaldia eskainiko du; ondoren, mahai-ingurua egongo da.
Egitaraua honako hau izango da:
- 18.10 – Hasiera, joko librea eta txapelketan parte-hartzeko izen ematea.
- 19.15 – Dantza txapelketa.
- 19.40 – Bideo-jokoak euskara sustatzeko hitzaldia; ondoren, mahai-ingurua.
- 20.00 – Amaiera
Komunitatetik egitasmoan parte-hartzera animatu nahi zaituztegu, Korrika zein Game Erauntsiari zuen babesa adierazteko!
Iruzkinak