Estudio bilbotarrak “zerbait aparta, berezia, dibertigarria eta bihotzetik egindakoa” sortzea bilatzen du.

Zorionez, gero eta ohikoa izaten ari da Euskal Herrian bideojokogintzara bideratutako estudioak eta garatzaileak sortzen ikustea; hala eta guztiz ere, benetan pozgarria da halako baten jaiotza bizitzea. Horixe da euskal sortzaile talde berriarekin gertatu dena: Basajaun Gamesekoek beren burua ezagutzera eman dute.

Sare sozialen bidez aurkeztu da Bilboko estudioa. Xehetasun handirik eman gabe egin dute, Basajaunen jatorriak azalduta: “nahiz eta indartsuak izan zein itxura beldurgarria eduki, basajaunak ongia egiteko desiragatik, natura babesteagatik eta desberdinak diren horiekin harreman sendoak sortzeagatik dira ezagunak”, zerrenda dute. “Guk, talde moduan, printzipio horiek partekatzen ditugu, eta gure lanetan islatzea espero dugu!” diote garatzaileek.

Euskal estudioa izan arren, mundu osoan banatutako kideak dituztela azpimarratu dute: Australiako, Alemaniako zein Luxenburgoko sortzaileek osatzen dute Basajaun Games. Bertoko garatzaileen artean Gabriel Fiallegas nabarmendu beharra dago: aurretik Space Revenge eta Delta Squad bideojokoetan lan egindakoa da Fiallegas Eskema Games estudioarekin.

Prestatzen ari diren lanei buruz ezer iragarri ez duten arren, esku artean hainbat proiektu dituztela aipatu dute, eta adi ibiltzeko eskatu diete euskal bideojokozaleei.