Basureroes Team garatzailea Mega Man bezalako klasikoetan oinarrituko da titulu zaila zein dibertigarria prestatzeko.
Euskaraz estreinatuko diren bideojokoen zerrendak 2023ko lehen titulua baieztatu du. Jabi Gartzia sortzaileak ezagutzera eman duenez, ordenagailuetarako garatzen ari den Basureroes: Invasion interesgarriak euskal lokalizazioa jasoko du.
Irudiak eta bideoak ikusi bezain laster, Mega Man zein NES kontsolako 8 bit-eko klasikoak etorriko zaizkigu burura. Horixe da Basureroesen helburua: retro estetikadun plataforma joko erronkaria izango da. Zaborretatik irtendako heroien rola hartuta, Diogenes doktore maltzurrari aurre egin beharko diogu, baita estralurtarren inbasioari ere.
Heroiek abilezia eta ezaugarri desberdinak izango dituztenez, guretzat aproposena dena aukeratuko dugu mailak gainditu ahal izateko. Lasterka, saltoka eta borrokan ariko gara hauetatik zehar, “egungo jokoetara moldatutako jokagarritasun zehatzarekin”. Horrez gain, sakabanatutako biztanleak eta hauen txakurrak salbatzeari ere ekin beharko diogu.
Basureroes Teamek eskainitako irudietan ikus daitekeenez, askotariko egoerei aurre egingo diegu: motor gainean, bagonetetara igota nahiz zeruan ibiliko gara. Maila bakoitzaren bukaeran etsai nagusi zitalekin topo egingo dugu, nola ez: hauek izango dira abenturako unerik zailenak.
Aipatutako guztiaz lagunekin gozatu ahalko dugula agindu du Gartziak; izan ere, lau jokalarirentzako kooperatiboa edukiko du Basureroesek.
Euskarazko lokalizazioaz gain, bideojokoa beste hainbat hizkuntza gutxietara itzuliko da, gainera: katalanez zein galegoz jokatu ahalko dute bideojokozaleek.
Esan bezala, Basureroes: Invasionera aritzeko itxaron egin beharko dugu: datorren urtean estreinatzea aurreikusten du garatzaileak, data zehatzik finkatu gabe. Jarraitzeko erraztasunak ahalbidetu ditu, hori bai: dagoeneko Steam plataforman orrialde propioa dauka.
Iruzkinak