Bandai Namco-k Nintendo GameCube-an estreinatu zituen JRPG maitatuak grafikoki zein mekanikoki hobetuko ditu edizio zaharberrituarekin.
JRPG zaleentzat ahaztutako altxorrak da Baten Kaitos saga. Zorionez, Bandai Namcokoek Baten Kaitos I eta II berpizteko asmoa daukate bermasterizazioen bildumarekin: irailaren 14an kaleratuko dute Nintendo Switchean.
N handiaren kontsolarako dator esklusiboki, eta ez da harritzekoa; izan ere, frankiziaren jabeak dira Bandai Namcorekin batera. Bideojoko originalak GameCube kontsola kubikoan kaleratu ziren: Baten Kaitos: Eternal Wings and the Lost Ocean 2003an, eta bigarren Baten Kaitos Origins 2006an.
Hori horrela, eguneratutako atal teknikoa nahiz jokagarritasunean aldaketak ikusiko ditugu bermasterizazioetan. Bildumaren izenak dioen bezala, HD bereizmenaz gozatu ahalko dugu; Instant KO deitutako abileziak arerioak kolpe bakarrean akatzea ahalbidetuko digu; borroken zein esplorazioaren abiadura % 300 areago daiteke; bukatzeko, ausazko borrokak ekiditeko aukera ere aktiba dezakegu.
Istorio sakona zein borroka adimentsuak eta bereziak proposatzen dituzte Baten Kaitosek. JRPG eta karta jokoak uztartzen ditu frankiziak: armak, magiak, objektuak eta bestelakoak karten bidez erabiliko ditugu. Erabakiek ere berebiziko esangura izango dute, narratiba aldatuz.
Baten Kaitos I & II HD Remaster irailaren 14an argitaratuko da Switch kontsolan.
Iruzkinak