Electronic Arts-ek eta DICE-k tiro jokoaren etorkizunari buruz hitz egin dute; zaleei jaramon egiteko asmoa dutela adierazi dute.
Ez dira garai onenak Battlefieldentzat. Tiro jokoen frankizia erdipurdika ibili da azken urteetan; Battlefield 2042rekin berriz gailurrera iristeko asmoa erakutsi zuten arren, EAkoek akatsez eta gabeziz betetako bideo-jokoa kaleratu dute. Jokalariak ez daude batere pozik, eta horiei erantzunez lehen denboraldia izango dena udara atzeratu dute; modu horretara, garatzaileek “hobekuntzak ziurtatu” nahi dituzte.
“Entzun dizuegu”, diote jokoaren webgunean argitaratutako prentsa oharrean. “Battlefield 2042ren etorkizunean murgilduta eta konprometituta” daudela azpimarratuta, “feedback-ari so egin eta jokoari hobekuntza sakonak gehitzeko lanean” ari dira garatzaileak.
Azken Battlefieldi “ahalik eta azkarren” gaineratu nahi dizkioten elementu eta ezaugarriak zerrendatu dituzte webgunean. Klasifikazio taulak, plataforma guztietarako ahots bidezko txata nahiz jokalarien profilak nabarmentzen dituzte; horiez gain, pelotoien sistema eraberritua prestatu nahi dute, eta pelotoiarekin batera helburuak betetzerakoan sarien sistema hobetu.
Portal joko mota hobetzen jarraitzeko asmoa agertu dute baita: bere tresnak, joko motak eta jokalarien esperientzia irabaziak zabaltzeko konpromisoa erakutsi dute EAkoek. Espezialisten sisteman lan egiten ari den taldea aipatu dute, bukatzeko: oraindik ez dute zehaztu nahi izan buruan daukatena, baina laster azalduko dutela diote.
Jokalariekin duten harremana eraldatu nahi dute, gainera. Komunitatearekin egin beharreko elkarlana nabarmentzen dute, eta horretarako feedbackaren zikloa hobetuko dute. Etorkizunera begira prestatzen ari diren ezaugarriak komunitatearekin partekatuko dituzte; ondoren, jokalarien iritziak entzuteari ekingo diote; bukatzeko, erabakiak hartu eta hausnarketa komunitatearen artean zabalduko dute.
Horren inguruan sakondu nahi duten lehen gaia aipatu dute: mapen diseinua. Solasaldi guztiak publikoak izatea bilatzen dute; hauek hurrengo eguneraketarekin batera hasiko dituzte. 2022an lau denboraldi eskaintzeko asmoa dute; lehena, esan bezala, udan hasiko dute: lau espezialista berri, kokalekuak eta bestelako edukiak eskainiko dituzte horietan.
Estreinatu zenetik, jokalariek eduki gehiago, mapen zein espezialisten oreka lanak eta bestelako arazoak nabarmendu dituzte. Pixkanaka erabiltzaileen kopurua gutxitzen joan da azaroan merkaturatu zenetik: Steameko bertsiora, esate baterako, 4.000 jokalari inguruk jokatzen dute gaur egun.
Battlefield 2042 PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan estreinatu da.
Iruzkinak