Garatzaileek pandemiaren eraginez etxetik lan egiten jarraitu behar izan dutela argudiatuta, jokoa bukatzeko denbora gehiago beharko du DICE-k.

Albisteen eta berritasunen falta sumatuta, askok espero zuten Battlefielden hurrengo jokoa geroratzeko iragarpena, eta hala gertatu da. Electronic Artsek Battlefield 2042 hilabete atzeratzea erabaki du: izatez urriaren 22rako prest egon behar zen lana azaroaren 19an kaleratuko da azkenean.

Berandutzeko erabakia, beste estudio eta bideo-joko askorekin gertatu bezala, koronabirusak eragindako egoeragatik hartu dutela azaldu du Oskar Gabrielson DICEko zuzendari nagusiak sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean.

“Belaunaldi berriko Battlefield pandemia global batean zehar eraikitzeak aurreikusi gabeko erronkak sortu ditu gure garapen taldeen artean. Jokoaren eskala ikusita, argitalpen egunera hurreratu bitartean gure lankideak estudioetara itzuliko zirela espero genuen”.

Halere, egungo egoera ikusita bulegoetara modu seguru batean itzultzea ezinezkoa dela dio Gabrielsonek, eta hortaz etxetik egindako lan gogorra kontuan hartuta jarraitzaileek Battlefield 2042rengandik espero dutena bete ahal izateko denbora gehiago beharko dute garatzaileek.

Beta irekiaren datak zalantzan geratu dira gainera. Irail honetan hastea aurreikusita zegoen arren jokoaren arduradunak isilik geratu dira horren inguruan: “hilabete bukaeran” betari buruzko berritasunak emango dituztela azaldu du Gabrielsonek, beraz urrira atzeratuko dutela pentsa daiteke.

2042 orain arteko Battlefieldik handiena izateko lanean ari dira DICEkoak Criterion estudioarekin elkarlanean. Belaunaldi berriko gailuetan 128 jokalari batuko ditu partida erraldoietan; nola ez, multijokalarian fokuratutako obra izango da tiro jokoa. Hori sustatzeko plataforma arteko jokoa ere baieztatu dute.

Orain gutxi iragarritako Battlefield Portal joko motan partidak nahi bezala antolatu eta kudeatzeko tresnak eskainiko dira: hegazkinekin soilik bizitako borrokak, Bigarren Mundu Gerrako armada egungo soldaduen aurka eta antzeko bitxikeriak sortu ahalko dituzte jokalariek.

Battlefield 2042 azaroaren 19an merkaturatuko da PC-rako zein PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletan.