PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan gozatu ahalko da. Lehen bi egunetan jokoa erreserbatu dutenek soilik edukiko dute sarbidea betara.

Electronic Artseko eta DICE-ko arduradunek Battlefield 2042 desiratuaren beta irekiko egunak zehaztu dituzte. Urriaren 6an hasita lau eguneko froga prestatuko dute, urriaren 9ra arte bideo-jokoa kaleratuko duten plataforma guztietan.

Battlefield zaleek egunotan hurrengo jokoaren betara jokatzen egon beharko luketen arren, azkenean ez da horrela izan. Orain egun batzuk Electronic Artsek eta DICE garatzaileak berandutzea iragarri zuten: tiro jokoen sagako atal berria urriaren 22an kaleratu beharrean azaroaren 19an estreinatuko zela iragarri zuten bertan. Horrekin batera irailerako aurreikusitako beta ere geroratu zuten, orain arte azalpen handirik eman gabe.

Betaren lehen bi egunak bideo-jokoa erreserbatu duten edo EA Play zerbitzuko harpidedunak diren jokalariei zuzenduta baino ez dira egongo, halere. Urriaren 8an irekiko dute froga jokalari guztientzat; egunak alboratuta, ez da desberdintasunik egongo bi aukera hauen artean. Aurrekargatzeak urriaren 5ean abiaraziko dituzte.

Conquest joko motan Orbital mapa ezagutuko dute jokalariek beta irekian. Lau espezialisten artean hautatu ahalko dute, bakoitza bere ezaugarriekin eta abileziekin. PCan eta belaunaldi berriko kontsoletan 128 jokalari aritu ahalko dira elkarrekin partidetan; PS4an eta Xbox Onean berriz, kopurua 64ra mugatuko dute.

Battlefield 2042ren bertsio osoa azaroaren 19an merkaturatuko da PCan zein PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletan.