Electronic Arts-ekoek Battlefield 2042ren zazpigarren denboraldiarekin bukatuko dute tiro joko polemikoaren ibilbidea.
EA Motive estudioa izango da etorkizuneko Battlefield atala garatzeaz arduratuko den taldeetako bat. Horrela jakinarazi du Electronic Artsek Patrick Klaus Motiveko arduradunak idatzitako mezuaren bitartez.
Taldea “eboluzio fase garrantzitsuan” murgilduta dagoela aipatzen du Klausek: “Motiveko garatzaile batzuek Criterion, DICE eta Ripple Effect estudioekin bat egingo dute Battlefielden gaitasun guztiak ustiatzeko”.
Philippe Ducharme eta Roman Campos-Oriola Dead Space-n berregite apartaren zuzendariek hartuko dute talde eraberritua gidatzeko ardura. Asmoa jokalari bakarrari zein multijokalariari zuzendutako BF sortzea dela aldarrikatzen dute frankiziaren webgunean.
Horrela, EAk sagari beste bultzada bat ematea bilatzen du. Azken BF 2042k emaitza kaxkarrak lortu ditu: arazoz eta polemikaz inguratuta estreinatu zen. Gaur egun jokalari kopuru txikia biltzea lortzen du halako AAA tiro jokoarentzat; adibidez, Steam plataforman 20.000 jokalari inguru dauzka egunero.
BF 2042ren zazpigarren denboraldia, Turning Point, azkena izango dela ere iragarri dute egileek. “Zazpigarren denboraldia bukatzen denean jokoa erronkekin, ekitaldiekin eta modalitateekin eguneratzen jarraituko dugu, baina ez da beste denboraldirik egongo”, diote.
Hazten doan estudioa
EA Motivek sekulako indarra hartu du azken urteetan. Star Wars Squadrons eta Dead Space Remake garatu ondoren, estatubatuarren indarguneetako batean bilakatu dira: Iron Man superheroiaren bideojokoa prestatzen dabiltza.
Hazkundearekin batera, garatzaile eta langile gehiagoren bila dabiltzala nabarmendu dute.
Iruzkinak