Vince Zampella Respawn Entertainment-eko zuzendariak tiro jokoen frankiziaren etorkizunari buruz hitz egin du, erroetara itzuli nahi dutela aldarrikatuz.

Battlefield berrian lan egiten ari da EA, eta lehenengo xehetasunak jaso ditugu. Gaur egungo girotzea hartuko dute berriz, lehen irudi kontzeptualean ikus daitekeenez; ez hori bakarrik, 64 jokalarirentzat prestatutako mapa erraldoiak prestatuko dituzte Respawn Entertainmentekoek.

Vince Zampella Respawngo zuzendariak IGN agerkariarekin hitz egin du, “bideojokoa aurten ekoizpen fasean sartu dela” adierazita.

“Battlefield sagaren puntu gorenak hirugarren eta laugarren atalak” izan zirela dio zuzendariak. Horietan ikusitako girotzea berreskuratu nahi dute egileek, bai jokalarientzat, bai garatzaileentzat nostalgia eragiten dutela adierazita.

Sagaren erroak berreskuratzea bilatzen dute, beraz. 128 jokalarirentzako mapa erraldoiak ez zirela horren dibertigarriak uste du Respawngoak. Horrela, 64 jokalariekin batera soldadu mota desberdinetara ere itzuliko dira, Zampellaren arabera: azken BF 2042n ikusitako espezialistak edo adituak alboratuko dituztela dirudi.

Adierazitakoek jokoaren “nukleoa” eratzeko balioko diete: “Nukleoa behar dugu. Jokalariek nahi duten Battlefielden nukleoa”.

Argitaratze datari dagokionez, oraindik asko geratzen da etorkizuneko Battlefield hau ikusteko. 2025ean komunitatearekin elkarlanean jokoa hobetzeko “komunitate programa” abiatzeko asmoa agertu du Zampellak; hori horrela, datorren urte bukaeran, edo are beranduago ikusiko dugula pentsa dezakegu.