Trailer ikusgarriarekin zehaztu dute argitaratze data PlatinumGames-ekoek: protagonista berriak kontrolatuko ditugu.
Bayonetta sorginaren jarraitzaileak hainbat urte daramate zain, baina PlatinumGamesek eta Nintendok azkenik baieztatu dute hirugarren atalaren kaleratze data: urriaren 28an jokatu ahalko dute Nintendo Switcharen erabiltzaileek.
Datarekin batera, nola ez, aurkezpen bideo berria erakutsi dute arduradunek. Berritasun mordoa dakartza, adi beraz: hirugarren jokoko bilauak homunkuloak izango dira, hasteko eta behin. Gizakiak sortutako arma biologikoak dira, beraz aingeruei eta deabruei erronka berria gehituko zaie oraingoan.
Bayonettarekin jokatuko dugu, bai, baina oraingoan protagonista berriak ere ikusiko ditugu. Viola sorgin ikastunak Devil May Cry sagako Nero-rekin antzekotasun handiak ditu; erropetatik hasita, eta bere katanarekin bukatuta, mugimendu sorta eraberritzailea ekarriko du PlatinumGamesen hack and slash jokoetara. Cheshire katu deabrua inboka dezake, gainera, Bayonettak bere izakiekin egin bezala.
Violarekin batera beste kokalekuetako Bayonetta sorginak ere ezagutuko ditugu: bideoan Txinako ordezkaria azaltzen da, adibidez. Tokiotik ibiliko garela ezagutu genuen aurreko trailerrean, beraz japoniarren bat agertzea ere aurreikustekoa da.
Bayonettak ere abilezia berria eskuratuko ditu; prentsa oharrean Devil Mask izeneko erreminta aipatzen dute arduradunek. Honekin mugimendu eta konbo ikusgarriak egin ahalko ditugu arma desberdinak erabiltzerakoan, baita deabru berriak inbokatu eta hauen itxura hartu ere: “Gomorrah, Malphas eta Phantasmaraneae” nabarmentzen dituzte.
Atal grafiko ikusgarriarekin, Bayonetta 3 Nintendoren kontsola hibridoko titulurik harrigarrienetakoa izango da, zalantzarik gabe. Hack and slash borroka dinamikoetarako aproposa izango da, sagaren jarraitzaileek ondo dakiten bezala.
Bayonetta 3 urriaren 28an estreinatuko da Switchean.
Iruzkinak