Glovebox Games indie estudioak udaberrian argitaratuko du PCrako Steam bidez.
Munstroz beteriko irla, plataformak eta itxuraz aldatu daitekeen bizarra izango dira Beard Blade abentura joko indiearen ardatzak. Glovebox Games garatzaileak bere lehen lana trailer zoragarri batekin aurkeztu dute sareetan.
Branson protagonistaren bidea jarraituta jokalariek Pimento irlatik ihes egin eta etxera bueltatu beharko dira. Horretarako jokoari izena ematen dion bizarraren laguntza jasoko dute: Bransonen bizarrak askotariko formak hartuko ditu: ukabila, ezpata edota jaurti daitekeen xerra batean bilakatzeaz gain, hobekuntzak desblokeatuta planeatzeko edo kateetatik igotzeko balioko du.
Garatzaileek bi dimentsiotako plataforma joko hau eratzerakoan 16 biten garaiko abenturak hartu dituzte oinarritzat. Garai hartako ezaugarri onenak zein berritasunak batuko ditu beraz Beard Bladek, animazio bikainez eratutako pixel art atal grafiko koloretsuarekin batera.
Gau eta egunen zikloa edukiko du jokoak: gaua egiterakoan bide berriak zabalduko dira irlan. Horrela altxor ezkutuak aurkitu daitezke, baita Forbeau bizarginaren hobekuntzak lortzeko beharrezkoak diren txanponak ere.
Etsai zerrenda anitzarekin topo egingo du Bransonek. Smuglin deitutako izakiekin batera basapiztiei ere aurre egin beharko die bere bizarrarekin etxerako bidea aurkitzeko.
Beard Blade PCrako soilik iragarri du Glovebox Gamesek; Steam saltokian erreserbatzeko aukera ematen dute jada. 2021eko udaberrian kaleratzea aurreikusten dute.
Iruzkinak