“Txakur baten eta gizaki baten RPG abentura” garatzen ari da Game Freak: hondatutako mundua, akzioa eta munstroak elkartuko ditu PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan.
Game Freak estudio japoniarrak Beast of Reincarnation erakutsi du Xbox Developer_Direct emanaldian. Kaleratze data aurreratu dute Pokémonen sortzaileek: udan argitaratuko da ARPG titulua.
Gear Project izenez ezagutu genuen jokoak Emma eta Koo ditu protagonista: “Txakur baten eta gizaki baten RPG abentura” dela diote egileek. Emma landareak kontrolatzeko eta eraldatzeko gai da; Koo txakurra, bestalde, malefaktua da, etorkizuneko munduko kutsatutako animalietako bat.
Animalia hauek ehizatzea eta euren kutsadura garbitzea izango da Beast of Reincarnationek proposatutako helburu nagusia. Bi protagonistak erabilita, duelu ikusgarrietan parte hartu beharko da: kontraerasoak, desbideratzeak, eraso magikoak eta akrobaziak ikusiko ditugu borroketan. Robotak zein pizti erraldoiak garaitzeko beharko dituzte protagonistek.
Denbora errealeko dueluak izango badira ere, Final Fantasy VIIren berregiteetan ikusi bezala, denbora gelditzeko eta abileziak erabiltzeko menuan barneratzeko aukera edukiko dugu, txandakako JRPG jokoen kutsua hartuta.
Abilezien zuhaitz erraldoia, ekipamenduz aldatzeko tresna ugari, QTE erasoak eta gehiago erakutsi dituzte garatzaileek. Trebeziak nahi bezala ezarrita eta txandakatuta, jokalariak nahi bezalako borroka estiloak sortzeko gai izango direla nabarmentzen dute.
Game Freakekoek sei urte baino gehiago daramatzate Beast of Reincarnationekin: Kota Furushima-k hartu ditu zuzendari lanak, Pokémon sagan borroken diseinatzaile kargua eduki ondoren.
Uda honetan ikusiko dugu, zehaztu gabeko egunean, PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan.
Lander Unzueta
Iruzkinak