Pokémon sagaren sortzaileek apokalipsi osteko Japonia aurkeztuko digute oraingoan: Emma gizakia eta Koo otsoa gidatuko ditugu.

Game Freak japoniarrak Beast of Reincarnationen kaleratze data aditzera eman du. Abuztuaren 4an PC, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetan merkaturatuko da.

Emma gizakia eta Koo otsoa aurkeztuko dizkigu ARPG abenturak. Madarikatutako pertsona da Emma, landareak eraldatzeko gaitasunarekin. Koo ez da animalia arrunta izango, kutsatutako malefaktu arriskutsuetako bat baita.

Malefaktuok akabatzea izango da jokoak proposatutako helburua. Horretarako, Sekiro: Shadows Die Twice bezalako tituluak gogorarazten dituzten borroketan parte hartuko dugu: kontraerasoak, desbideraketak eta akrobaziak elkartuko dira, baita Final Fantasy VIIren berregiteetan agertutako magiak eta etenaldiak ere.

ARPGetako ohiko elementuak eta mekanikak batuko ditu, hortaz: abilezien zuhaitza, ekipamendu aldaketak, QTE erasoak… Mundu interesgarri eta handia izango da ardatza, baina; kutsatutako apokalipsi ondorengo Japonia esploratzeari ekingo diogu bikote protagonistarekin.

Ez da Game Freak Pokémon sagatik aldentzen den lehen aldia: Tembo the Badass Elephant, Little Town Hero edo Giga Wrecker eskaini dituzte azken urteotan Nintendo-rengandik eta The Pokémon Company-rengandik aldenduta. Beast of Reincarnation orain arteko titulurik handiena izango dela dirudi; izan ere, sei urte baino gehiagoko garapen prozesua dauka atzean Kota Furushima zuzentzen ari den tituluak.

Abuztuaren 4an ikusiko dugu japoniarren lanaren emaitza.