Bilboko Udalak eta Taupa Mugimenduak Harrapazank egitasmoaren baitan antolatzen duten Rocket League txapelketa lehiatu da asteburuan.
Beltz 1965 nagusitu da Klikazank Bilboko Gamerren Lehiaren bosgarren txapelketan. Bilbotar gazteak sekulako trebezia maila erakutsita eraman du Rocket League bideojokoaren garaikurra etxera.
Bilboko Udalak eta Taupa Mugimenduak Harrapazank programa baitan prestatzen Klikazank. Azken norgehiagoka handia Euskararen Etxean lehiatu zen larunbatean: Beltz1965 Keko_8A gaztearen kontra aritu zen.
Urtero bezala, bi jokalariek ikaragarrizko maila erakutsi zuten; aurretik, baina autoen kontrolak nahi bezala konfiguratzeko tentsioz betetako uneak bizi zituzten. Kamera, aginteak, interfazea eta bestelakoak etxean dituzten modura jarri ondoren baloiaren bila aritzeko prest egon ziren bilbotarrak.
Geldiketa harrigarriak, turboaren maisutasuna, hegaldi ziragarriak, eztandak, eta, zelan ez, golak ikusi genituen 1vs1 partidetan. Bostetik onenera jokatu zuten: Keko fin ibili bazen ere, Beltzek eskuratu zuen garaipena partida guztietan. Hori bai, bi jokalariek erakutsitako kiroltasuna nabarmendu beharra dago, elkarri zoriontzen eta ondo pasatzen ibili baitziren duelu artean.
Game Erauntsiatik, beti bezala, lehiaren zuzeneko jarraipena egin genuen gure Twitch katetik, jokaldi guztiekin zur eta lur geratuz.
Bilboko Rocket League jokalaririk onenaren garaikurra eramatearekin batera bideojokoak erosteko 150 euroko opari txartela eskuratu zuen antolatzaileen eskutik; 50 euroko txartel bera lortu zuen, berriz, bigarren sailkatuak.
Bideojokoak euskararekin uztartuz bilboko gazteen artean
Harrapazanken helburu nagusia gazte bilbotarren artean euskara sustatzea da; horretarako, gazteentzako erakargarriak diren aisialdirako askotariko aukerak batzen ditu.
10 eta 16 urte bitarteko bilbotarrak bildu ditu 2025eko ekimenak. Klikazank euskaraz gauzatu da bere osotasunean: partaideek, antolatzaileek, finaleko esatariek zein Euskararen Etxera hurbildu zirenek nahiz Twitchetik partidak jarraitu zituztenek bideojokoez euskaraz goza daitekeela adierazi zuten.

Iruzkinak