Akordioarekin batera hainbat hobekuntza prestatu dituzte jokorako. Erabiltzaileek ez dutela aldaketarik sumatuko diote arduradunek.
Nabigatzaile bidez PC-an zein gailu mugikorretan euskaldunen artean sekulako arrakasta lortu duen Berbaxerkak txoko eraberritua dauka. Berria egunkariaren web orrialdean kokatu da zazpi hizkiko hitzak asmatzeko jokoa.
Konponketekin eta berrikuntzekin iritsi da titulua webgune berrira: Berbaxerkako eta Berriako arduradunek jakitera eman dutenez, oraindik aurrera Euskaltzaindiak egokitzat jotako hitzek baino ez dute balioko; alabaina, aurretik ere Euskaltzaindiaren hiztegia jokoaren oinarria izan arren, bertan okertzat emandako hitzak zuzentzat hartzen izan ditu Berbaxerkak.
Etxe berrian saio bereziak egingo dituztela nabarmendu dute arduradunek. Ez da lehenengo aldia izango, Martxoaren 8a ospatzeko partida berezia antolatu baizuten: antzeko gehiago egitea da asmoa.
Doako tituluaren inguruko datu interesgarriak partekatu dituzte: abiarazi zutenetik apirilaren 2ra arte 6.018 hitz eta 137 guztiz —eguneko hizki guztiak erabiltzen dituzten hitzak— egon dira bideojokoan. Gehien errepikatu den hitza ene izan da —zazpi egunetan agertu da—, eta hizkietatik gehien errepikatu direnak bokalak izan dira: a azaldu da hainbatetan, 64 biderrez, zehazki.
Aisialdi digitalean, euskaraz
Marc Font informatikariak garatutako eta Gorka Salces irakasleak euskaratutako titulua da Berbaxerka. Spelling Bee deitutako jokotik eratorritako lana da; gauza bera egin zuten katalanek Paraulogic arrakastatsua sortzerakoan.
2022ko urtarrilean hasi zen euskal obra sarean zabaltzen, milaka jokalari bilduta: egunean 15.000 eta 20.000 erabiltzaile artean edukitzen ditu. Salcesek Berrian nabarmendu duenez, pozik dago lortutako arrakastarekin: “Ikusi dugu zenbateko beharra duen jendeak euskarari alde ludikotik heltzeko. Hizkuntza dibertitzeko eta komunikatzeko tresna izan dadin”.
Berriarekin hasitako elkarlana “oso pozgarria” izan da jokoaren sortzaileentzat: euskaldunei aisialdi digitalean euskaraz aritzeko leihoak zabaltzea bilatzen dute. Mota honetako jokoek hizkuntza gutxituetako hiztunen artean lortzen duten arrakasta nabarmentzen du Salcesek: euskararekin “harreman lauso samarra” duten pertsonek jokatzen dutela azpimarratzen du, eta bigarren hezkuntzako ikasgeletan ere erabili izan dela dio.
Berbaxerkan doan joka daiteke Berriaren webgunetik.
Iruzkinak (1)
Onintza Sept. 27, 2022, 1:05 p.m.
Gaurko bi hitz, Euskaltzaindiaren hiztegian daudenak, ez ditu onartzen jolasak: Superni eta espresu..... lehengo aldiz, bi hitz horiekin jolasa osatuko nuke.... aixxxxxx