2017an iragarri zen ofizialki, baina ordutik hona bideo gutxi batzuk baino ez ditu argitaratu Ubisoft-ek. Titulu originalaren birmasterizazioa estreinatzen da gaur.
Beyond Good and Evil 2 ez dago hilda, edo hori diote Ubisoftetik. Txio xume baten bidez aditzera eman dute: “Bai, Beyond Good and Evil 2 garapenean dago oraindik”.
2007. urtean hasi ginen abentura jokoaren jarraipenari buruzko zurrumurruak entzuten, baina frantsesek 2017ko E3 azokan iragarri zuten ofizialki. Trailer zinematikoarekin erakutsi zuten lehen aldiz, eta egun hartatik hona beste bideo gutxi batzuk jaso ditugu: zinematikak ez ezik, jokagarritasuna ikusteko aukera ere eduki dugu.
Dena den, Beyond Good and Evil 2k arazoak baino ez ditu izan. Michel Ancel jatorrizko sortzailea zen arduradun nagusia, baina 2020an bideojokogintza utzi zuen; hainbat iturriren arabera, lankideekin liskarrak zeuzkan.
Michel Ancelen agurra da, gutxi gorabehera, BGE2ren inguruan jaso dugun azken berria aipatutako txioa iritsi arte. Proiektuak bizirik jarraitzen badu ere, ez litzateke harritzekoa izango berrabiatzeekin eta alboratzeekin aritzea.
Frankizia berriz jendartera ekartzeko gogoak daude, hori bai: gaur bertan Beyond Good & Evil – 20th Anniversary Edition estreinatzen da PlayStation, Xbox zein Switch kontsoletan eta PCan.
Pasa den astean aurkeztu zuten birmasterizazioa, eta bertan ere bigarren jokoari lotutako adierazpenak egon ziren; izan ere, Jade protagonista BGE2ren istorioarekin lotuko duen misio gehigarri berria jokatzeko aukera egongo dela aipatu zuten arduradunek.
Eduki berriarekin nahiz txioarekin, Beyond Good and Evil 2 berriz ikusteko gutxi falta dela pentsa dezakegu. Auskalo.
Iruzkinak