Eskariak aurrera egingo balu, “bideojokoak sortzea oso garestia” izango litzatekeela dio. Nintendo, Sony edo Epic bezalako enpresen babesa dauka.

Video Games Europe lobby erraldoiak Stop Killing Games iniziatibaren firma bilketa aintzatetsi du. Webgune ofizialean argitaratutako mezuan dioenez, kanpainak betetzeko eskatzen dituenak “ez dira bideragarriak”.

Online zerbitzuak eteteak “hainbat zergati” ditu, lobbyaren arabera: “Ezin daiteke arinkeriaz hartu, eta enpresentzat aukera bat izan behar da, beti, sareko esperientzia komertzialki bideragarria ez denean”. Gainera, zerbitzariak ixten direnean industriak jokalariei “kontsumitzaileen eskubideen tokiko araudiarekin bat egiten duten bidezko jakinarazpena” eskaintzen dietela dio.

Zerbitzari pribatuak ere aipatzen dira. Azpimarratzen denez, hauek “ez dira beti aukera alternatibo bideragarriak jokalarientzat”, garatzaileek eta enpresek “erabiltzaileen datuak babesteko, legez kanpoko edukiak ezabatzeko zein komunitatearen eduki arriskutsuei aurre egiteko babesak” ezartzen baitituzte.

Bukatzeko, oharrean erronka ekonomikoa nabarmentzen du lobbyak. Zenbait titulu soilik online izateko diseinatuta daudela aldarrikatuz, Stop Killing Gamesen proposamenek “garatzaileen aukerak murriztuko lituzteke, bideojoko hauek sortzea oso garestia” izango litzatekeelako.

Video Games Europe lobbyak industriako erraldoi gehienen babesa jasotzen du: atzean Nintendo, Sony Interactive Entertainment, Microsot, Epic Games, Sega, Ubisoft, Roblox, Embracer Group, EA, Bandai Namco edo Riot Games ditu, baita AEVI Espainiako Bideojokoen Elkartea ere. Hemen aurki daiteke kideen zerrenda osoa.

 

Enpresa aberatsen kexak eta eskaerak

Jatorrizko iniziatiba bideratzeaz arduratu den Ross Scott eduki sortzaileak lobbyaren mezuari erantzun dio. Aldarrikatu duenez, enpresa aberatsen kexak baino ez dira; hortaz, argi eta garbi euren alde joko dutela dio, kontsumitzaileen eskubideei jaramonik egin gabe.

Hori esanda, eskakizunak “ez du online zerbitzuak etetea oztopatzea bilatzen”, azaltzen du Scottek: “Hori modu arduratsuan egitea da nahi duguna, dagoeneko erosleei saldu dizkiezuen eskubideak kendu gabe”. Adibidez, joko baten azpiegitura eten daitekeela adierazten du, baina, noski, aldez aurretik enpresek eta estudioek oinarrizko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko bidea diseinatu dezaketela, horrela jokalariak bideojokorik gabe ez uzteko.

 

1.270.000 sinadurak gaindituta

Utzi bideojokoak hiltzeari (Stop Killing Games) kanpaina 2024ko apirilean abiatu zen. Bideojokoen bizitza eta azpiegitura araupetzea zein kontsumitzaileen eskubideak babestea xede dituen iniziatibak pasa den asteko ostegunean lortu zuen bere helburuetako bat, alegia, bideojokalari europarren milioi sinadurak gainditzea: 1.270.000 firma baino gehiago dituzte albistea idazterako unean.

Milioia pasa badute ere, ahalik eta sinadura gehien batzea berebizikoa dela diote antolatzaileek; izan ere, hainbat izen emate faltsuak edo okerrak izan daitezke. Hori dela-eta, 1.500.000 firma batzea da asmoa.

Enpresei euren bideojokoetarako sarrera oztopatzeagatik eta obrak suntsitzeagatik zigortzea eta salatzea eskatzen da, besteak beste: azken urteotan hainbat kasu nabarmen ikusi ondoren, erositako bideojokoak erosleenak direla aldarrikatzen dute kanpainatik.

Hemen sina daiteke eskakizuna: herrialdearen araberako gidak prestatu dituzte, beharrezko dokumentazioa eta pausoak azalduz. Bestalde, iniziatibaren ibilbide guztia laburbiltzen duen web ataria ere argitaratu dute antolatzaileek.