DBHko ikasleentzat pentsatutako eta argudiatutako ariketa da. Game Erauntsia Elkartea bidelagun izan dute proiektuan.

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak eta Talaios Kooperatibak Bideojokoen munduan barneratzen ikas egoera prestatu eta argitaratu dute Wikikasi atariaren baitan. Irakasleei zein ikasleei egindako proposamenean bideojoko bati lotutako Wikipediako artikuluak sortzea eta garatzea bilatzen da, baita bideojoko formatua baliatuta etorkizuneko ingurunea irudikatzea eta hura argitaratzea ere.

Hamalau saiotan digitalizazioa eta garapen pertsonalari eta sozialari aplikatutako filosofia eremuak uztartzen dituen ikas egoera planteatzen dute arduradunek, aldi berean, bideojokoen mundua eta hauek diseinatzeko jarraitu beharreko urratsak ezagutuz.

Horretarako Luanti kode askeko bideojokoaz baliatuko dira; hau da, Minecraft oinarri hartzen duen Minetest titulua erabiliko dute ikasleek euren munduan eratzeko nahiz diseinatzeko.

 

Euskarazko bideojokoak ezagutzera emanez

Aurretik Wikipedian idazten ariko dira: zehazki, euskarazko bideojokoen artikuluak idaztea bultzatzen du proiektuak. Game Erauntsia Elkartearekin elkarlana burutu dute hori bideratzeko: euskarazko bideojokoen katalogoan egun gure hizkuntzan joka daitezkeen tituluak biltzen badira ere, guztiek ez dute euren tokia Euskarazko Wikipedian.

Artikuluak osatuz, eta bideojokoak aditzera emanez, Euskal Herriko bideojokoen sorkuntza sustatzea da proiektuaren beste xedeetako bat: “Zenbat eta euskarazko artikulu gehiago egon, orduan eta aukera gehiago euskarazko bideojokoak garatzeko”.

DBHko ikasleentzat pentsatutako eta argudiatutako ariketa dela nabarmentzen dute egileek: irakasle orok har ditzake bertan azaldutakoak ikasgelan ikas egoera prestatzeko. Gauza bera egin dute aurretik landutako beste ikas egoera batzuekin: hemen aurki daitezke guztiak.