PCan eta PlayStation 5, Switch nahiz Switch 2 kontsoletan estreinatuko da Luckshot Games indie taldearen bigarren jokoa.
Big Hops plataforma jokoa gaur kaleratuko duela iragarri du Luckshot Games estudioak. Mugikortasuna eta askatasuna ardatz dituen 3D abentura koloretsua prestatu du indie garatzaileak.
Hop izeneko igel gaztea aurkeztuko digu: berarekin batera jauzika, kulunkatzen zein eskalatzen ariko gara ontzi hegalaria osatzeko piezak batzeko helburuarekin. Horretarako, hiru gune nagusi esploratuko ditugu, basamortuan, ozeanoan eta mendian arituz.
Berezko pertsonaiak eta istorioak aurkeztuko dira mundu bakoitzean, erabakiak proposatuz, egileen arabera.
Halere, esan bezala, mugikortasuna izango da Big Hopsen zutabe nagusia. Doako demoan zein bideoetan argi adierazten denez, igeltxoak abilezia eta mugimendu ugari edukiko ditugu, parkour kirolak dakarren askatasuna gogora ekarrita: nabarmenena, mingaina gantxotzat erabiltzea kulunkatzeko zein urrutiko tokietara iristeko. Mekanika gehiago proposatuko zaizkigu munduok esploratzeko; adibidez, azken The Legend of Zelda handietako eskalatze sistemak bereganatuko ditu protagonistak.
Kickstarter kanpaina arrakastatsuaren ondoren datorkigu bideojokoa: iaz burututako diru bilketan 54.972 dolar eskuratu zituzten proiektuarekin aurrera egiteko.
Ordenagailuetan argitaratuko da bideojokoa —esan bezala, doako demoa proba dezakegu—, baita PlayStation 5 eta Nintendo-ren Switch nahiz Switch 2 kontsoletan ere, gaur bertan.
Lander Unzueta
Iruzkinak