Formatua aldatu duten arren solasaldiak izango dira hamar urte beteko dituen ekitaldiaren ardatza.
Bilboko Fun & Serious Game Festivalak bere hamargarren edizioa baieztatu du. Abenduaren 10etik 12ra bitartean egingo da. Oraingoan, baina, aldaketa handiekin dator; Bilbotik sarera igaroko da ekitaldia.
Arduradunek azaldu dutenez, ekimena formatu digitalean egiteko erabakia “egungo osasun egoeragatik” hartu dute.
Alfonso Gomez Fun & Seriousen zuzendariak azaldu duenez “ekimenak 2020an bere lehen hamar urteak beteko ditu”. Horregatik bertan behera uztea erabaki zaila izango zela dio Gomezek. Halere, Fun & Serious “erabiltzaile, hedabide zein garatzaileentzako irekia” izango den jarduera izatea nahi dute.
Solasaldiak eta horietan parte hartuko duten hizlariak izango dira beste batez ekintzaren izar nagusiak. Oraingoz Marc Merril Riot Gameseko sortzailea eta Tim Willits Doom eta Quake jokoen garatzailea baieztatu dituzte.
Hitzaldiekin batera gainerako jarduera ezagunak egingo dituztela azaldu dute: bideojokoei zuzendutako Titanium Awards sari banaketak ez du hutsik egingo hamargarren F&Sean. Horrez gain Game Industry Forum eztabaida gunea egin edota bideojokoen garatzaile indientzako FS Play sariak banatuko dituzte: bideojoko indie berritzaileenarentzako, euskal bideojokorik onenarentzako eta Serious Game onenarentzako sariak egongo dira.
Iruzkinak