Game Science estudioaren akziozko jokoa 2023an argitaratzea aurreikusten da.
Joan den abuztuan Game Science garatzailea prestatzen ari den Black Myth: Wukong aurkeztu zen bideo-jokoen zaleak zur eta lur utzi zituen gameplay trailerrarekin. Orain, urteberri txinatarra ospatzeko bideo berria argitaratu du estudioak.
Mendebaldera Bidaia liburuan oinarritutako abentura da Black Myth. Bertan Sun Wukong tximino erregearen kontrola hartuko dute jokalariek; akziozko RPG honek From Softwaren Sekirorekin antzekotasun handiak dauzka.
Atal grafiko txundigarria berriz erakusteaz gain hainbat borroka ere ikus daitezke trailerrean: bi etsai nagusiren aurkako borrokaldi biltzen ditu bideoak. Horrez gain Wukongek izango dituen transformazio batzuk ere aurkeztu dituzte. Jokoak guztira 72 edukiko dituela azaldu dute arduradunek.
Bideoaren bukaeran Epic Gamesen logoa ikus daiteke. Oraindik jokoa jasoko duten plataformak ezezagunak badira ere, EGSean kaleratuko dela suposa daiteke datu horrekin. Belaunaldi berriko kontsoletan argitaratzea ere aurreikusten da. Hori bai, itxaron egin beharko da: 2023rako prest edukitzea espero dute garatzaileek.
Iruzkinak (1)
ibila87 2021ko ots. 16a, 10:21
oso ondo ikusten da, baino gero auskalo nola irteten den.