Westwood Studios-ek 1997an argitaratutako jokoak Ridley Scott-en filmea hartzen zuen oinarritzat.
Blade Runner gaur bertan itzuli da kontsoletara eta ordenagailuetara. Nightdive Studios-ek jakitera eman duenez, Blade Runner: Enhanced Edition bertsio zaharberritua PlayStation, Xbox, Switch eta PC plataformetan kaleratu du.
Jatorrizko bideojokoa Westwood Studiosek argitaratu zuen 1997. urtean. Argi dagoen bezala, Ridley Scott zuzendariaren filmean oinarrituta dago; hala ere, ulertzekoa den modura hainbat elementu eta ezaugarri aldatzen ditu jatorrizko obrarekiko.
Interesgarria da, adibidez, jokoak aurkezten duen ausazkotasuna: partida bakoitzean pertsonaia desberdinak harrapatzea izango da gure egitekoa. Modu horretara, istorioa eraldatzen doa gure erabakien eta hautuen arabera.
Enhanced Edition honek era guztietako hobekuntza grafikoak agintzen ditu. Jatorrizko atal teknikoa zein bideoak zaharberritu dituzte: iragazkien eta bestelako tekniken bidez hobetzeaz gain, segundoko 15 irudietako tasatik 60 fps-tara igaroko da titulua. Nola ez, kontsoletan ere estreinatuko denez aginteentzako euskarria gaineratu diote abentura grafikoari. Berrikuntza horiek guztiak ikusteko trailer berezia prestatu dute Nightdivekoek:
Estudioa urte luzez prestatzen aritu den birmasterizazioa da Blade Runnerrena. 2020an iragarri zuten, baina garai hartan dagoeneko edukiko zituzten erronkak eta arazoak nabarmendu zituzten; izan ere, Westwoodekoak 1998. urtean Las Vegasetik Los Angelesera lekualdatzerakoan jatorrizko jokoaren eduki originalak galdu zituzten.
Kostata, baina zaharberritzea burutu ahal izatekoak egin dituztela dirudi: alderantzizko ingenieritzari esker KEX motor grafiko modernoan erabiltzeko egokitu dute bideojokoa.
GOG saltoki digitalean jatorrizko bertsioa erosita dutenek birmasterizazioa erdi prezioa erosi ahalko dute; are gehiago, CD Projekt-en plataforman bertsio eraberritua eskuratzerakoan, jatorrizkoa oparitu egiten dute.
Esan bezala, Blade Runner: Enhanced Edition gaur argitaratu da PCan eta kontsoletan.
Iruzkinak