The Game Kitchen-en metroidvania bikainaren benetako amaiera izango da. PC, PS4, Xbox One eta Switch plataformetan estreinatuko da dohainik.
Abuztua bukatzear zegoela metroidvania generoaren zaleentzako berri onak eman zituen The Game Kitchen garatzaile sevillarrak: Blasphemous bikainak eduki gehiago jasoko ditu. Lehena, Wounds of Eventide deitutako espantsioa izango da; laster kaleratuko dutela baieztatu dute orain: abenduaren 9an iritsiko da.
Oinarrizko jokoarentzat prestatutako doako eduki gehigarria izango da, The Stir of Dawn eta Strife and Ruin aurreko DLC-ekin gertatu bezala. Hala ere, horrek ez du esan nahi berritasun aldetik eskasa izango denik: garatzaileek adierazi dutenez, Wounds of Eventiden jokoaren benetako bukaera biziko dute jokalariek.
Iragarpena Golden Joysticks sarien ekimenaren baitan egin zuten: Team17 banatzailearen jokoak aurkezteko bideoan agertzen da Blasphemousen espantsioa; are gehiago, jostagarritasunaren lehen irudiak dira bertakoak. Gune, arerio eta etsai nagusi berriak ikus daitezke bertan: piraten girotzea daukan kokalekua ageri da, adibidez; hortaz, sevillarrak edukiz betetako espantsioa prestatzen dabiltzala aurreikusi daiteke.
Kickstarter bidez finantzatu zuten Blasphemous 2017an; jokoaren behin betiko bertsioa 2019an merkaturatu zuten The Game Kitchenekoek, eta ordutik hona hobetzen eta handitzen jarraitu dute, askotariko eduki gehigarriak prestatuta. Sekulako arrakasta lortu du indie espainiarrak: nabarmendu dutenez, jokoaren milioi bat ale saldu dituzte estreinatu zenetik.
Wounds of Eventide PC, PlayStation 4, Xbox One eta Switch plataformetan egongo da abenduaren 9an.
Esan bezala, espantsioa ez da Blasphemousen jarratzaileek pozik egoteko duten arrazoi bakarra: bigarren atala prestatzen ari dira arduradunak. Blasphemous II-ri buruz ezer gutxi iragarri dute; hori bai, 2023an kaleratuko dutela aurreratu dute.
Iruzkinak