Microsoft-en bereganatzeak eragindako lehen aldaketa handiak ikusten hasi dira jokalariak. Battle.net erabiltzaileak beharko dute, halere.

Activision Blizzard enpresakoek PC-ko jokalariek aspalditik espero zuten aldaketa baieztatu dute. Blizzard garatzailearen tituluek etxeko Battle.net plataformatik atera, eta Steam saltoki ezagunean estreinatuko dira. Lehena Overwatch 2 izango da: abuztuaren 10etik aurrera aurkituko dugu Valve-koen zerbitzuan.

“Blizzard estudiotzat hasten doala, barrutik zein kanpotik, aurrera jarraitzeko ideietako bat munduko jokalariak dauden lekuan aurkitzea da, eta gure bideojokoak erabiltzea zein jokatzea erraztea”, aldarrikatu dute prentsa oharrean. “Guztiei gure unibertsoak ezagutzeko aukera eskaini nahi diegu lagun zaharrekin, aldi berean adiskide berriak eginez, berdin dio nola jokatzen duten”.

Battle.net “gure PCko jokalarien etxea” dela diote Blizzardekoek, baina “eboluzionatzen eta aurrera egiten” duten heinean “hesi guztiak eraitsi” nahi dituzte. Hori horrela, doan eskura daitekeen Overwatch 2rekin abiatuko dute etapa berria.

Steameko bertsioak Valven plataformako lorpenak eta gainerako oinarrizko ezaugarriak edukiko ditu. Halere, Battle.net erabiltzailearekin sinatu beharko dugu Steamen. Arduradunek euren jokoetan aritzeko “plataforma guztietan egin beharrekoa” dela azpimarratu dute, modu horretara plataforma arteko jokoa zein beste hainbat ezaugarri ahalbidetzeko.

Erabakiaren erroa nabarmena da: Microsoftek Activision Blizzard bereganatzeari ekin dionez —erosketari argi berdea emateko azken epaiak eta akordioak geratzen dira oraindik, baina aurrera doazela dirudi—, Redmond-ekoak euren bideojokoen ekosistema zabaldu nahian dabiltza.

Abuztuaren 10ean Steamen estreinatzen denean, gainera, Overwatch 2k orain arteko eguneraketarik esanguratsuena jasoko du, “eduki erauntsirik handienarekin”. Invasion espantsioak istoriako misioak, ekimen berezi kooperatiboak, Flashpoint PvP modalitatea nahiz praktikatzeko aukera berriak inplementatuko ditu.

Nola ez, jokatzeko heroia ere ikusiko dugu DLC-an: oraindik ez dugu ezagutzen, baina iragarpen trailerrean une batez pertsonaiaren silueta ikus daiteke.

Nahiz eta Overwatch 2k ez duen hastapenik onena bizi izan, ehundaka jokalari biltzen jarraitzen ditu Blizzarden heroi tiro joko ezagunak. Hala eta guztiz ere, kexak nagusi izan dira garatzaileek hartutako erabakiekin; esaterako, PvE modalitate nagusiaren garapena bertan behera utzi dute, beste zenbait aldaketa xelebre inplementatzeaz gain.

Esan bezala, Overwatch 2 ez da Steamen ikusiko dugun Blizzard joko bakarra. Etorkizun hurbilean Diablo IV bezalako titulu berriak zein Starcraft II moduko klasikoak azaltzea aurreikusten da, Blizzardekoek adierazitakoak kontuan hartuta.