Urriaren 27rako aurreikusita zegoen. 2020a bukatu baino lehen argitaratuko dutela adierazi dute garatzaileek.
World of Warcraft MMORPG ezagunaren azken espantsioa uste baino beranduago kaleratuko da. Urriaren 27an estreinatu behar zen Shadowlandsen argitaratze data atzeratu egin dute Blizzardeko arduradunek.
John Hight WoWeko ekoizleak eman du albistea txio batekin. “Kokalekuak, kanpaina, misioen eta mailen ezaugarriak eta kontatzeko daukagun istorioa prest dauden une batean gaude”. Hala ere, lana bukatzen ari ziren bitartean eta zaleen kritikak entzun ondoren jokoak “azken txukuntze lanak” behar dituela ikusi dutela dio Hightek.
“Taldeak hartu beharreko erabaki benetan zaila izan da”, azpimarratu du, “baina jokoarentzat zein zaleentzat erabaki zuzena dela uste dugu”.
Arduradunek ez dute kaleratze data berririk zehaztu, baina Shadowlands aurten argitaratuko dela baieztatu dute. Horrez gain, espantsio aurreko eguneraketa zabaldu dute dagoeneko : mailaz igotzeko sistema berriztatua eta pertsonaiak pertsonalizatzeko aukera berriak gehitu ditu, beste hainbat edukiren artean.
Iruzkinak