Blizzarden ekimen digitalak etorkizunera begira garatzen ari diren jokoen berri emateko balio izan du.

Urtero egin bezala, Blizzardek bere BlizzCon ekimena egin du garatzailearen obra berriak aurkeztu eta berritasunak jakitera emateko. Aurten formatu digitalera igaro dira: BlizzConline izenpean saga berriak albo batera utzi eta dagoeneko jokalarien artean ezagunak diren bideo-jokoen atal berriak nabarmendu dituzte.

Diablo saga izan da zalantzarik gabe ekimeneko izar nagusia. Bi jokorekin ikusi izan da BlizzConlinean. Lehenik eta behin, joan den urtean iragarritako Diablo IVren pertsonaia mota berria erakusteko aprobetxatu dute: Rogue. Bizkortasuna, hurbileko zein urruneko armak eta era guztietako tranpak bilduko ditu pertsonaia honek; trebezian oinarritutako abileziak izango ditu.

Rogue Diablo IVko laugarren pertsonaia mota da: aurretik Barbaroa, Aztia eta Druida iragarri zituzten arduradunek. Bakoitzak jokatzeko estilo propioa edukiko du.

Sanctuary mundua bost gune handi desberdinetan banatuta egongo da laugarren jokoan: Scosglen, Dry Steppes, Fractured Peaks, Hawezar eta Kehjistan, bisitatuko dituzte jokalariek. Horiek zeharkatzeko zaldiaren gainean ibili ahalko dira, baina garatzaileek kokalekuen bertikaltasuna nabarmendu nahi izan dute. Nola ez, ziegak ere ikusiko dira Diablo IVn; ausazkoak izango dira, prozeduralki sortutakoak. Kokaleku batzuetan etsaien kanpalekuak aurkituko dira. Horiek konkistatuta Sanctuaryko bizilagunei bertan bizitzeko aukera eskainiko zaie, mundua eraldatuz modu horretara.

Horrez gain beste abenturazale batzuekin topo egiteko aukera egongo da. Jokoak uneoro Interneteko konexioa eskatuko du horretarako, eskala txikiagoko MMORPG baten antza hartuta. Ezaugarri hauei eta gehiagori buruz aritu dira garatzaileak ia ordu erdiko iraupena duen bideoan.

Diablo IV PC eta kontsoletan estreinatuko da oraindik zehaztu gabeko egun batean; 2022ra itxaron beharko dela dirudi halere.

Baina Diablo IV ez da Blizzard prestatzen ari den sagako joko bakarra. Dagoeneko Android eta iOSerako iragarritako Diablo Immortalekin batera Diablo IIren birmasterizazioa aurkeztu zuten arduradunek ekimen digitalaren baitan.

Diablo II Resurrectedek pertsonaien eta etsaien modeloak hiru dimentsioetan berreginda izango ditu, jatorrizko jokoaren bi dimentsioetako spriteak alde batera utzita horrela. 4K-ko bereizmenera jokatu ahalko da, eta argiztapen dinamiko guztiz berria ere edukiko du abentura klasikoak. Animazioak zein soinua hobetzeko lanean dihardute gainera.

Halere, atal grafiko originalarekin jokatu nahi duenari aukera hori eskainiko diote. Garatzaileek aldarrikatu dutenez, “joko guztiz berria ematen duen arren Diablo IIren jatorrizko sistema eta ezaugarriek bere horretan jarraitzen dute xehetasun guztiekin, baina aldi berean zenbait hobekuntza praktiko gehitu ditugu”.

Vicarious Visions estudioa ari da birmasterizazio hau prestatzen; aurretik Tony Hawk’s Pro Skater 1 + 2 bezalako remakeetan aritu dira. Diablo II Resurrected aurten kaleratuko dute PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Nintendo Switcherako.

Warcraftekin aurrera zein atzera

World of Warcraften jokalariek pozik egoteko hainbat berri jaso zituzten BlizzConlinean.

Alde batetik, World of Warcraft: Shadowlandsen lehen espantsio handiari buruzko berritasunak eman zituzten Blizzardekoek. Chains of Dominationek askotariko edukiak gehituko dizkio MMORPGari: Korthia, the City of Secrets deitutako kokalekua, raid berriak, ziegak, etsaiak eta ezaugarriak ikusiko dituzte jokalariek hemen, istorioarekin jarraitzeaz gain.

Bestalde, World of Warcraft Classic eguneratzen ere jarraituko dute arduradunek. Burning Crusade espantsio klasikoa jasoko du orain 15 urte jokoak zeukan edukiak errespetatuz. Hau ere aurten kaleratuko da, lehenengo beta ireki bezala ondoren jokalari guztiengana iristeko.

Rol jokoak baino gehiago

Blizzarden etorkizuna ez dago bakarkako zein hainbat jokalarirentzako rol abenturei begira soilik. Orain bi urte Overwatch tiro jokoaren jarraipenean lanean ari direla jakitera eman zuten, eta ekintza digitala xehetasun berri gutxi batzuk emateko erabili zuten Jeff Kaplan eta bere taldekoek.

Esate baterako, heroiak pertsonalizatzeko balioko duen talentu sistemari buruz aritu ziren. Pertsonaia bakoitzak erabiltzeko dituen abileziak eraldatzeko bidea izango da. Hainbat heroiren itxura berria erakusteko ere aprobetxatu zuten, eta Sojourn heroi berriaren aurrerapen txiki bat ikus daiteke.

Erroma eta New Yorkeko mapak ezagutzera eman zituzten gainera; Erromakoa Push joko mota berrian erabiliko da. Overwatch 2 PvE partidetara zuzenduta egongo da: hau da, jokalariek kooperatiboki gainditu beharreko mapak izango dira nagusi jarraipenean. Lehen jokoan ikusitako multijokalari partidekin ere jarraituko dute, baina kasu horietan aurreko lana erosita dutenek doan jasoko dituzte eduki berriak; Overwatch 2k ekarriko dituen eduki kooperatiboetara jokatzeko, baina, ordaindu egin beharko da.

Argitaratze data zehatzik gabe, Overwatch 2 aurten ikustea zaila izango dela dirudi.

Hearthstone karta jokoak bere txokoa eduki zuen ekimenean. Forged in the Barrens espantsioa martxoaren 22an iritsiko da Hearthstonera: 135 karta berri gehitzeaz gain Mercenaries joko mota ekarriko du espantsioak. Hamar bat mertzenarioren istorioak ezagutuko dituzte bertan jokalariek.

Formatu klasikoa ere itzuliko da karta jokora. 2014an jokoak zituen ezaugarrri berberak edukiko ditu joko mota honek. Ranking eta ordainsari propioak izango ditu gainera, jatorrizko jokoaren karta zerrendarekin batera.

Azkenik,  Blizzard Arcade Collection joko klasikoen bilduma aurkeztu zuten BlizzConlinean. The Lost VikingsRock N Roll Racing eta Blackthorne batuko ditu, hiru jokoetan hobekuntzak gaineratuta. Bideo-jokoa dagoeneko estreinatu da PC, PS4, Xbox One eta Switchean.