NetEase taldea obra multijokalariengandik aldenduko da 24 Entertainment Lin’an estudioarekin elkarlanean. PCan eta kontsoletan argitaratuko dute jokoa.
Blood Message interesgarria iragarri du NetEase txinatar erraldoiak. Jokalari bakarrarentzako tituluan IX. mendeko Txinara bidaiatuko dugu herrialde osoa zeharkatzera eramango gaituen abentura bizitzera.
Tang dinastiaren garaiko zetaren bidean kokatuko da hirugarren pertsonako ikuspegidun jokoa. Mezulari baten rola jokatuta, 1.500 kilometroko bideari ekin beharko diogu, tartean era guztietako erronkak aurkituta.
Akzioa, borrokak, plataformak, puzzleak eta isil gordekako atalak “bidaia emozionalarekin” uztartuko ditu Blood Messagek, egileen arabera; diotenez, “historiak ahaztutako heroiak” nabarmentzea bilatzen da jokoarekin. Mongoliako mugatik ibiliko garela ikus daiteke bideoan: Ordos hiri inguruko basamortuetatik, itxura batean.
Uncharted edo God of War bezalako tituluak inspirazio iturritzat hartu dituzte NetEasekoek jokalari bakarrarentzako lehen AAA obra garatzerakoan —Naraka Bladepoint edo Marvel Rivals bezalako titulu multijokalari handiengandik dira ezagunak—. Horretarako, 24 Entertainment Lin’an estudioa sortu dute: Thunder Fire Studio ezagunagoaren barnean kokatzen den talde berria.
Geroz eta arruntagoa den Unreal Engine 5 garapen motoreaz baliatuko dira atal grafiko benetan ikusgarria prestatzerakoan: kokalekuak, pertsonaiak zein hauen armadurak eta armak kalitate grafiko aparta daukatela ikus daiteke dagoeneko.
Oraingoz argitaratze datarik gabe, Blood Message “PCan eta kontsoletan” merkaturatuko du NetEasek.
Iruzkinak