Nabigatzailetik joka dezakegu Erdi Aroan girotutako estrategia jokoan. Alkimo Interactive taldeak alfa probaldia abiatu du.

Bloodlines: Fealty & Ruin aurkeztu du Alkimo Interactive talde euskaldunak Jokoteknia jardunaldietan egindako 1. euskal bideojokoen azokan. Egunean txanda bakar bat jokatzea proposatuko digun euskarazko estrategia jokoa prestatzen dabiltza estudio irundarrekoak.

“Egun bat. Txanda bat” lelopean, “estrategiazko joko geldoa” dela diote egileek. Sareko partidan txanda bakarra jokatuko du erabiltzaile bakoitzak. Civilization bezalakoetan ikusitakoak gogora ekar ditzake, edo zuzenean, Lichess bezalako xake jokoetako partidak; Bloodlinesen, baina, txanda bakarrera mugatuta egongo gara benetan, Egunean Behinen bezalaxe.

Abiadurak eta erreflexuek “ez dute axola”; horren ordez, “estrategiak eta eraikitzen dituzun harremanek” bideratuko dituzte partidak. Erdi Aroko girotzea duen estrategia tituluaren aurrean gaude: nabigatzailetik joka daitekeenez, ordenagailuetan zein mugikorretan gozatzeko prest dago. Partidak egunean txanda bat ebazten du jokalari guztientzat: “gertatutakoa aztertzen duzu, armadak mugitzen dituzu, eta zure lurraldeak kudeatzen dituzu”.

Patxadaz jokatzeko lana bada ere, aukera mordoa eskainiko dizkigu: “esploratzea, beste jokalariekin negoziatzea, estrategiak prestatzea edo kroniken bidez haren historia ezagutzea” izango dira ardatz nagusiak. “Bloodlines egunean minutu gutxi batzuez bizi dezakezu, edo mundu iraunkor baten xehetasun guztietan gelditu”.

Gure leinua sortuz barneratuko gara partidan: erregea izango den buruzagia eta haren oinordekoak prestatuko ditugu, mundu birtualean gure erresuma eratzeko. Ekintzak egunetan zehar garatzen dira mundu iraunkorrean, eta erabakien ondorioak egun edo aste batzuk beranduago ikusiko ditugu; adibidez, hiri bat konkistatzea lortzeko egunak beharko ditugu.

Proposamen benetan interesgarria, hortaz, eta dagoeneko proba dezakeguna: alfa bertsioa kaleratu berri dute egileek. Asmoa komunitatearekin batera jokoa hobetzen aritzea da, jokalarientzako gidaren edo wiki-aren zein foroen bidez aholkuak, iradokizunak zein ekarpenak bilduta, mundu iraunkorra sendotzen joateko.

Hemendik batu gaitezke alfa probaldira. Esan bezala, nabigatzailetik joka daiteke Bloodlines: Fealty & Ruinen; beraz, PCan edo mugikorrean probatzeko aproposa da Alkimoren titulu berria.