Abentura retroa “laster” argitaratuko du Inti Createsek PC, Xbox One, Switch eta PS4an.
Castlevania klasikoen bidea jarraitzen duen Bloodstained: Curse of the Moon 2 iragarri zuen atzo Inti Creates garatzaileak New Game+ Expo ekimen digitalaren aterpean.
Koji Igarashi Castlevania zaharren ekoizleak Bloodstained: Ritual of the Nighten Kickstarterra martxan jarri zuenean, crowdfunding bitartez egindako finantziazio kanpainako helmugetako batean spin-off retroa garatzeko aukera agertzen zen. Hortik jaio zen Curse of the Moon arrakastatsua; orain, abentura retroaren ospea jarraituta bigarren atala sortzen ari direla iragarri zuen jokoaren zuzendariak.
Bigarren CotM honetan lau pertsonaia kontrolatu ahalko dira: Zangetsu, Dominique, Robert eta Hachi deabru eta bestelako munstroen aurka ariko dira 8-biteko abenturan. Edozein unetan aldatu daiteke pertsonaien artean.
Bakoitzak bere ezaugarri bereziak edukiko ditu; erasoak ez ezik, esploratzeko orduan bide desberdinetatik joan ahalko dira ahalmen propioei esker.
PC, Xbox One, Switch eta PS4rako ari dira garatzen Bloodstained: Curse of the Moon 2. Argitaratze datarik gabe, “laster” estreinatuko dela agindu du Igarashik.
Iruzkinak