Roguelike puzzleak argitzea du helburu Dogubomb garatzailearen abenturak. 2025eko jokorik onenen artean kokatzea lortu zuen.

Dogubomb sortzaileak eta Raw Fury argitaletxeak Blue Prince argitaratu dute Switch 2 kontsolan.

Estreinaldia ezustean iritsi da: atzo arratsaldeko Nintendo Indie World emanaldiko azken iragarpena izan zen. Holly mendiko etxebizitza misteriotsuko sekretuak argitzea, eta 46. gelara iristea proposatuko digu jokoak.

Ez da horren sinplea izango, etxea osorik berrantolatuko baita egun berri bakoitzarekin. Guk geuk ezarriko ditugu gelak, planoak —blue…prints— erabilita, partida bakoitzaren ibilbidea osatzeko; eskuan ditugun planoekin, aurrean agertuko zaiguna aldatzen joango gara, etxean geroz eta gehiago barneratzea ahalbidetuta.

Roguelike elementuekin modu adimentsuan jokatzen du Blue Princek: 46 gela aurkitzea da helburua, baina, horraino iristeko, bestelako gelak eta elementuak bilatzea ezinbestekoa izango da, ausazko elementuak zein aurretiz erabakitako helburuak eta bideak uztartuta.

Joan den urtean estreinatu zen bideojokoa PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan, begirada guztiak erakarrita: 2025eko bideojokorik onenen zerrenda guztietan kokatzea lortu zuen obra independenteak. Puzzleak atsegin dituztenentzako joko benetan aproposa, hortaz.

Switch 2an joka dezakegu dagoeneko Blue Princen.