Duela bost urte erosi zituzten Demon’s Souls edo Shadow of the Colossus jokoen berregiteen arduradunak. Ezeztatutako zerbitzu erako God of War prestatzen ibili ziren.
Sony Interactive Entertainment enpresak Bluepoint Games itxiko duela baieztatu du. Martxoan desagertuko da estudioa.
70 langilez osatutako taldea desegingo dute. Bloomberg agerkariari aditzera eman dio albistea Playstationek, Hermen Hulst SIEko Studio Business-eko arduradun nagusiak Bluepointeko langileei barne mezua bidali ondoren.
“Geroz eta zailagoa den industria ingururean lanean” ari direla esanda, “moldatzen eta eboluzionatzen” jarraitu behar dutela dio Hulstek: “Gaur eskaintzen gabiltzan bitartean etorkizunerako ondo kokatuta gaudela ziurtatzeko, gure negozioa sakon aztertu dugu. Horren ondorioz, Bluepoint Games martxoan itxiko dugu”.
Ikaragarrizko berria PlayStation Studios barnean dagoen talderik ezagunenetakoa denarentzat. Texas-eko enpresa 2021ean bereganatu zuen PlayStationek, frankizia ezagunen berregiteak edo atal berriak garatzeko helburuarekin.
Izan ere, berregiteetan eta birmasterizazioetan adituak dira Bluepointekoak. God of War, Uncharted, Metal Gear Solid edo Ico eta Shadow of the Colossus bezalako frankizien bildumak garatuz hasi zuten ibilbidea; ondoren, Shadow of the Colosussen edo PS5aren ibilbide hasieran ikusi genuen Demon’s Soulsen berregite maitatuak prestatu zituzten, baita God of War: Ragnarök-en garapenean lagundu ere.
Azken urteotan, baina, God of War unibertsoan girotutako zerbitzu erako bideojokoa prestatzeko enkargua eman zieten PlayStationetik. Ez dugu ikusiko, iaz proiektua bertan behera geratu zelako; garai hartan, ez zela kaleratzerik edo berregituraketarik egongo aipatu zuten arduradunek.
Lander Unzueta
Iruzkinak