Team Reptile garatzen ari den Jet Set Radio maitatuaren oinordekoak denbora gehiago behar du prest egoteko. PC-an zein Switch-ean kaleratzeko asmoa daukate.
Bomb Rush Cyberfunk ikusteko itxaron egin beharko dugula dirudi. Team Reptile indie estudioak jakitera eman duenez, 2023ra berandutu dute; zehazki, datorren urteko udarako prest edukitzeko asmoa agertu dute.
Jokoarentzat nahi duten maila lortzeko itxaropenarekin hartu dute erabaki zaila: “Jokoa aurten argitaratuko bagenu, ziur gaude ez ginela berarekin pozik egoteko mailara iritsiko”.
SEGAkoen Jet Set Radio sagaren mekanikak eta estetika hartuko dituen lana aurten argitaratzea aurreikusten zuten aurretik. Gainera, ez da berandutzen duten lehen aldia: 2020an iragarri zutenean, 2021erako merkaturatzea zen asmoa.
Ez dira denak albiste txarrak izango, ordea: asteon bideojokoaren irudiak zein bideoak zabalduko dituztela agindu dute Reptileko garatzaileek. Poztekoa, atal estetikoa —eta bideoen edizioa zein soinu banda— ikaragarriak baitira.
Ez da harritzekoa, holandarren aurreko lanek ere sekulako itxura zeukaten-eta: Lethal League-kin, adibidez, Jet Set frankiziaren estetika mantentzen zuten jadanik.
Bomb Rush Cyberfunken pilota partidak utzi, eta grafitien nahiz skatearen mundura igaroko gara. Poliziarengandik ihes egitea, trikimailu ikusgarriak burutzea, puntuak eskuratzea eta gure taldearen izena hiri bizi eta koloretsu batean zehar zabaltzea izango dira helburuak. Gatza eta piperra emateko Jet Set jokoen musikagilea kontratatzea lortu dute indie garatzaileek: Hideki Naganumari buruz gabiltza.
Plataformei dagokienez, momentuz bi baieztatu dituzte arduradunek: ordenagailuetan zein Nintendo Switchean jokatu ahalko da Bomb Rush Cyberfunkera datorren urtean. Hala eta guztiz ere, are kontsola gehiagotan argitaratzea espero da.
Iruzkinak