Steam, Epic Games Store, Xbox eta Stadia plataformetako jokalariek elkarrekin jokatzeko aukera dute.

Pixkanaka gero eta bideo-joko gehiago dira crossplay edo plataforma arteko jokoa gehitzen dutenak multijokalarian sare bidez aritzerakoan. Estudio txikienen artean ohikoa izaten bada ere, garatzaile handiak ere ezaugarri honekin animatzen dabiltza. Crossplaya jaso duen azken obra Gearbox-en Borderlands saga ezaguneko hirugarren atala da.

Doako eguneraketa baten bidez iritsi da gainerako plataformeko adiskideekin batera jokatzeko funtzioa. PC-aren eta Mac-aren kasuan Steam eta Epic Games Store plataformetan erabili daiteke, eta horiez gain Xbox kontsoletan zein Stadia streaming zerbitzuan ere gaineratu dute plataforma arteko jokoa.

PlayStation, baina, kanpoan geratzen da. Orain egun batzuk Jim Ryan Sony Interactive Entertainmenteko zuzendariak adierazi zuenez, PlayStation kontsoletan crossplaya bultzatzeko lanean ari dira, baina Gearboxekoek kanpoan utzi dituzte oraingoan. Izan ere, crossplaya ahalbidetzeko PlayStationek kobratu egiten die estudioei jokalari kopuruaren arabera.

SHiFT zerbitzuaren bidez jokatuko dira plataforma arteko partidak. Jokalariek crossplayerako izen propioa aukeratu beharko dute; hori izango da gainerako lagunekin jokatu ahal izateko baldintza bakarra.

Eguneraketak beste hainbat berritasun dakartza gainera: Pertsonaia bakoitzaren gehienezko maila zazpi maila berritan hedatzea erabaki dute hasteko; maila altuena 72. izango da. Sasoi bereziei dagozkien ekitaldiak edozein momentutan aktibatzeko aukera eman dute gainera: Bloody Harvest, Broken Hearts Day eta Revenge of the Cartels ekimenek eskaintzen dituzten berezitasun estetikoez egun zehatzetatik kanpo gozatu daiteke modu horretara.

Plataforma arteko jokoa ahalbidetzen duen eguneraketa dagoeneko eskuragarri dago aipatutako plataformetan.