State of Play aurkezpena antolatu dute PlayStation-ekin elkarlanean protagonistak, armak zein Kairos planeta ezagutzera emateko.

Gearbox taldeak Borderlands 4ren kaleratze data eguneratu du. Ez, ez dugu beranduago jasoko, lehenago baizik: irailaren 23rako aurreikusita zegoen bideojokoa irailaren 12an estreinatuko da azkenik.

Erabakia ez dute hartu Grand Theft Auto VIren beldurrez, Randy Pitchford Gearboxen arduradun nagusiak azaldu duenez. Hala ere, lasai gera daitezke, Rockstar-en joko desiratua 2026ra berandutu baita: Randyk datu hori jakingo zuen ziurrenik, bi taldeak Take Two-ren babespean baitaude.

Argitaratze egun berria zein Borderlands 4ren denetariko xehetasunak emateko PlayStationekin elkartu dira; izan ere, B4ri esklusiboki zuzendutako State of Play aurkezpena antolatu dute. Jokoaren protagonista nagusia izango den Kairos planetatik gidatu gaituzte bertan: karga denborarik gabeko kokaleku erraldoia izango da joko berrikoa, klima edo jazoera dinamikoz betea.

Lehen begiradan ez dugu aldaketa handirik ikusiko: interfazea zein jokagarritasuna mantentzen direnez, aurreko Borderlandsen bidea jarraitzen du laugarren atalak. Altxorrak bilduz zein arerioak akatuz gure armategia areagotuko dugu, denetariko tresnak eskuratuz: rifleak, eskopetak eta pistolak erabiliko ditugu berriro, bai, baina bakoitzaren ahalmen nahiz estatistika bereziak kontuan hartzekoak izango dira.

Mugikortasuna areagotzeko egindako lana nabarmendu gura izan dute egileek: tirolinek, jetpackek eta bestelako erremintek tokiak ziztu bizian zeharkatzea ahalbidetuko digute. Benetan aproposa diseinatu duten mundu irekirako, baina, nola ez, ibilgailuak gidatzen jarraitu ahalko dugu, hauek pertsonalizatzeko tresnekin eta guzti.

Lau ganbera ehiztari berri kontrolatuko ditugu, eta horietatik bi ezagutu ditugu aurkezpenean: Vex lamia eta Rafa soldadua. Lehenak magiak eta sorginkeriak erabil ditzake bai erasotzeko, bai inguruko arerioak akabatzeko; bigarrena, berriz, exoeskeleto futuristaz baliatuko da arma desberdinak kontrolatzeko.

Bordelands sagaren indargunerik handiena bere kooperatiboa izan da hastapenetatik, eta hori indartzeko asmoa daukate Gearboxekoek. Lobby sistema berriarekin lagunekin batzea erraztuko dute oraingoan; ez hori bakarrik, joko gurutzatuari (crossplay) esker, edozein plataformako jokalariek elkarrekin esplora ditzateke Kairosko txokoak. Egongelara mugatu nahi izanez gero, lasai, tokiko multijokalarian joka baitezakegu.

Borderlands 4 indar betean itzuliko dela dirudi, aurreko hirugarren zein Tiny Tina’s Wonderlands atalen porrotaren ostean. Esan bezala, irailaren 12an plazaratuko du Gearboxek: PC, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetan jokatuko dugu.