Square Enix japoniarraren bideojokoa 2012an argitaratu zen Nintendo 3DS eramangarrian; birmasterizazioa Switch 2an merkaturatu zen iaz.

Bravely Default: Flying Fairy HD ustekabean estreinatu du Square Enix enpresak PC zein Xbox Series gailuetan.

Final Fantasy klasikoen oinarriak eguneratzen eta berritzen dituen JRPG maitatua Nintendo 3DS kontsolan ikusi genuen 2012. urtean. Hainbat hobekuntza dakartzan birmasterizazioa Switch 2 hibridoan argitaratu zuten, bestalde, joan den ekainean.

Bereizmen handiko grafikoak, birdiseinatutako interfazea, eszena zehatzetan bizkor aurreratzeko aukera eta beste zenbait bizitza kalitate hobekuntza ikusiko ditugu HD bertsioan. Gainera, originaleko sareko ezaugarriak moldatu, nahiz minijoko mota berriak gaineratu dituzte egileek.

Txandakako borrokak, istorio sakona, erresuma erraldoia eta sekretu mordoa biltzen ditu Bravely Defaultek. Protagonistentzako 20 lan mota desberdinen artean hautatu ahalko dugu, abilezia zein itxura desberdinak eskainita, iluntasunari aurre egiteko. Proposamen bereziarekin, JRPG klasikoenen zaleak harrapatzea lortu zuen 3DSan, eta, gaur egun ere, jarraitzaileen talde fidela du atzean; ez da gutxiagorako, beste izen bat eduki arren, Final Fantasy baten aurrean baikaude. Ez sinetsi, halere, azaltzen zaizuen guztia.

Horren adierazle dira salmentak: Square Enixek jakitera eman duenez, Bravely frankiziak lau milioi salmentak gainditu ditu. Bravely Second: End Layer zein Bravely Default II ikusi ditugu lehenengoa estreinatu zenetik. Nintendorenetik aldenduta, salmentek gora egiteko aukera dago, nola ez.

Steam eta Xbox Store saltokietan zein Nintendo eShop-ean eros daiteke Bravely Default: Flying Fairy HD.