Emulatzaile bidez lau lagun Wii U-ko bertsioan abenturak elkarrekin bizitzen ibil daitezke. Ostiralean argitaratuko dute pantaila zatitua dakarren bertsioa.
The Legend of Zelda: Breath of the Wilden jarraipenaren zain gauden bitartean, askok eta askok egin diote beste behin lehen ataleko Hyrule erreinuko mendiak eskalatzeari eta sekretu guztiak bilatzeari. 2017an Nintendo-k argitaratutako titulua maisulan hutsa da; hori dela eta jokalarien komunitateak are ezaugarri gehiago gaineratzeko lanean dihardu. Orain kaleratzeko dagoenak begirada asko erakarriko ditu: lagunekin multijokalarian aritzeko moda prestatzen ari dira.
Kirbymimi garatzaileak Wii Uko Breath of the Wild hartuta eratu du aukera hau. Hori bai, printzipioz ezin daiteke jokatu kontsola originala erabilita: CEMU emulatzailearekin erabil daiteke moda. Hori esanda, tokiko partidetara bideratuta dagoela ere azpimarratu beharra dago. Parsec bezalako tresnak erabilita sarean jokatzea posible den arren, jokalariek ordenagailu berean jokatuko dute.
Goazen ba xehetasun interesgarrienak aztertzera. Bi, hiru edo lau lagun ari daitezke elkarrekin Hyruletik bueltaka, etsaien kanpamenduak erasotzen edo misioak burutzen. Une honetan bi jokalarirentzako bertsioa txukunagoa da; hala ere, hainbat akats eta arazo aurkezten dituzte guztiek.
Jokalari guztiek bizitza, sasoia, armak, geziak, botereak eta bestelako elementuak partekatzen dituzte. Horrela, bati kolpe hilgarria ematen badiote, partida bukatu egingo da. Dena den, garatzaileek argitaratutako bideoan ikus daitekeenez, nahiko ondo funtzionatzen duela dirudi. Bi jokalari Hyruleko gazteluko bidea egiten ikus daitezke bertan —spoilerrak barne, azken etsai nagusiaren aurka egiten baitute—.
Elkarren ondora teleportatzeko aukera dago, horren mundu handian batera ibiltzea errazteko asmoarekin. Bigarren jokalariak menu guztiak kontrola ditzake, gainera, beraz ez da muga handirik ikusiko objektuak kudeatzeko orduan.
Lehen bideo horretan ikusitako bertsioa ostiral honetan kaleratuko dute. Bere ezaugarririk esanguratsuena pantaila zatitua da: orain arteko bertsioetan ez zegoen halakorik, eta jokalariak pantaila bakarrarekin moldatu behar izan dira. Suposatzekoa da modak are eguneraketa gehiago jasoko dituela, arazo larrienak zuzenduta.
Kirbymimiren Discord zerbitzarian aurki ditzakegu modaren fitxategiak eta bertsio desberdinak. CEMU erabiltzera ohituta bazaude, instalatzea erraza da: beste edozein grafiko sorta bezala funtzionatzen du. Esan bezala, pantaila zatitua ahalbidetzen duen bertsioa ostiral honetan kaleratuko da.
Iruzkinak