Eguneratutako atal grafikoa eta soinua eskainiko ditu. PC, PlayStation 5, Switch, Xbox One eta Xbox Series gailuetan jokatuko dugu.

Broken Sword: The Smoking Mirror – Reforged aurkeztu du Revolution Software estudioak. Abentura grafikoen saga maitatuaren bigarren atalaren birmasterizazioa datorren urtean estreinatuko da.

Joan den urtean lehen jokoaren Reforged bertsioa estreinatu ondoren, gauza bera egingo dute 1997ko bigarren Broken Swordekin: 4K bereizmena, birmasterizatutako audioa eta puzzleetan laguntza jasotzeko aukerak gehituko dira, besteak beste. Kontrolei dagokienez, saguarekin eta teklatuarekin, agintearekin nahiz ukipen pantailarako kontrol eskemarekin jokatu ahalko da.

Beteranoek benetan eskertzen duten ezaugarria ere eskainiko du: originalaren grafikoetara aldatu ahalko dugu edozein unetan, botoi bakarra sakatuta. Gainera, orain arte gidoian galdutako hizketaldiak eta jokoa bukatzerakoan desblokeatuko diren estrak aipatzen dira prentsa oharrean.

Ez da ohikoena izaten, baina eguneratutako bertsioaren atzean obra originalaren zuzendaria aurkitzen da: Charles Cecil Revolution Softwareko arduradunak bigarren atala oso maitatua dela aipatzen du, bai estudioan, bai jokalarien artean, eta Reforged edizioarekin beteranoek zein hasiberriek gozatzea gura dute.

George Stobbart eta Nico Collard protagonistak maien zibilizazioko misterioak argitzera eramango ditu abentura grafikoak. Destatu eta sakatu (point and click) generoko maisulanetako bat da, alor guztietan ikaragarrizko maila erakutsita.

PC, PlayStation 5, Switch, Xbox One eta Xbox Series plataformetan estreinatuko da datorren urtean Broken Sword: The Smoking Mirror – Reforged.