Soccer Brawl eta Windjammers bezalako klasikoen bidea jarraituko du Kickstarter bidezko finantzazioa bilatuko duen obra honek.

Zezenketak desagertu egingo dira mende bukaera baino. Halere, entretenimendua errege den etorkizun horretan era guztietako moda zoroak izango dira nagusi: azkena, armaz betetako zezen zibernetikoak sortuko dituen Bullfighter Circuit da. Hau da Relevo Videogames estudio bilbotarrak aurkeztutako Bullfighter NEON arkade jokoaren funtsa.

90eko hamarkadan kaleratutako etorkizuneko ziber kirol arkadeak hartu ditu Jon Kortazarren taldean oinarritzat: abilezia bereziz, armadura koloretsuz eta era guztietako zorakeriekin betetako Soccer Brawl eta Windjammers bikainak gogorarazten ditu Bullfighterrek, zalantzarik gabe.

Prentsa oharrean aipatzen dutenez jokalariek sei pertsonairen artean aukeratu ahalko dute, bakoitza bere berezitasun eta mugimendu propioekin. Horien helburua izango da CyberBeasts deitutako zezen zibernetikoak garaitzea: robot hauek etsai nagusi bezala funtzionatuko dute, eta horien erasoak ekiditeaz gain borrokak biziko diren estadioetan sakabanatutako arriskuak ere kontuan hartu beharko dira.

Jokalari bakarrarentzako istorio joko mota edukiko du Bullfighterrek, non pertsonaia bakoitzak bere abentura biziko duen. Adiskide batekin batera edo elkarren aurka jokatzeko aukera ere eskainiko dute, eta beste zenbait joko mota zoro agindu dituzte, norbere joko pertsonalizatuak sortzeko aukerarekin.

Bideo-jokoa garatzeko finantzaketa bila dabiltza, baina. Bullfighter NEON-ek Kickstarter kanpaina edukiko du laster, eta bertan are xehetasun gehiago emango dituzte bilbotarrek lan honen inguruan. Momentuz PC-rako garatzen ari direla adierazi dute, Steam saltokirako orrialdea sortuta baitago, baina ikusteko dago plataforma gehiagotara iritsiko den.

Argitaratze datari dagokionez datorren urteko abendua aipatu dute garatzaileek, baina suposatzekoa da hori finantzaketa kanpainaren araberakoa izango dela.