Martxoan kaleratutako Marathon-en lantaldeari ere eragin diote kanporatzeek. Destiny 2ren eduki gehigarriekin bukatu zuten duela aste batzuk.

Sony Interactive Entertainment eta Bungie enpresek kaleratzeak iragarri dituzte. Bungieren lantaldeko 292 garatzaile kaleratu dituzte.

Kaleratzeekin, Destinyren lantaldea osorik desegin omen da. Marathon berriaren langileeei ere eragin dio berregituraketak, baita estudioari lotutako SIEko beste taldeetako kideei ere. Bungien, guztira, 800 bat kide ei zeuden kanporatzeen aurretik.

Berria Hermen Hulst Studio Business Group taldeko nagusiak eta Bungieko arduradunek eman dute. SIEren webgunean —URLari azken “2” hori kenduta Concord-en itxieraren artikulua ageriko zaigu—, Hulstek “azken hilabeteotan, Bungieren zuzendaritzarekin batera, estudioaren epe luzerako zuzendaritza, garapenaren lehentasunak, beharrezko baliabideak eta portfolio zabalagoan duten rola errepasatu” dutela aditzera eman du. “Hainbat alternatiba aztertuta, murrizketa beharrezkoa zela ondorioztatu genuen estudioaren baliabideak egungo lehentasunekin eta epe luzerako helburuekin bateratzeko”.

292 langile kanporatzeko erabakia hartuta, Hulstek Destiny 2ren “marka ezabaezina” azpimarratu du: “Bungiek azken hamarkadan Destinyrekin lortutakoa ikaragarria izan da”. Errematatzeko, “arrakasta honetan ekarpenak egiten dituen oro harro egon beharko litzateke”, aipatu du.

Sonyk 2022. urteko urtarrilean bereganatu zuen Bungie. 3.600 milioi dolarreko balioa izan zuen erosketarekin, taldea ez zuten PlayStation Studios-en markapean barneratu. Kaleratzeekin, Bungie oraindik “PlayStationen portfolioko zati garrantzitsua” dela adierazi du Hulstek.

 

Bungietik, bestalde, azken urteotan ez direla “eurengandik espero zen mailara egon” diote. Destiny 2ren azken eduki gehigarriak kaleratu zituzten duela egun batzuk; horren ostean, etorkizunerako proiektuekiko maila mantentzea ezinezkoa izan omen da taldearentzat, murrizketok burutzeko erabakia hartuz.

Hurrengo proiektu horiek garapenaren lehen faseetan baino ez dira aurkitzen, antza denez. Bungieren egoera benetan larria bada, etorkizunera begirako itxaropenak are okerragoak. “Aurrerago hitz egingo dugu etorkizun horri buruz, baina gaur ez da eguna”, diote estudioko arduradunek.

Jason Schreier kazetariak aurreratu duenez, Justin Truman Bungieren arduradunak bere lanpostua utzi du: iaz hartu zuen Pete Parsons-en ordezkoa.

 

Marathonekin estropezuka

Une honetan Marathon tiro jokoaren edukiekin jarraitzen dute. Martxoan estreinatu zen bideojokoa PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan, balorazio onak, baina arrakasta urria eskuratuta —Steam-en aldibereko 10.000 bat jokalari biltzen ditu, estreinaldiko 88.000 erabiltzaileen aldean—. Egunotan kaleratutako DLCekin batera, irailerako hirugarren denboraldia abiatzea espero da.

Destinyz eta Marathonez gain, Halo handiaren jatorrizko egileak dira Bungiekoak.