Furi eta Haven jokoen arduradunak garatutako obra berria da. PS5ean zein PCan jokatu ahalko dugu.

The Game Bakers estudio independentearen Cairn interesgarria ezagutu dugu. Kami mendi arriskutsua igotzea izango dugu helburu aurten, eskalatze, biziraupen eta esplorazio mekanikak komikietatik ateratako atal estetikoa batzen dituen bitartean.

Egileek aldez aurretik kaleratutako Furi eta Haven bikainetatik alderatuko dira, hortaz, Grow Home edo Jusant bezalako lanekin antzekotasun handiak partekatzen dituen Cairnekin. Aava eskalatzaile profesionalaren rola jokatuko dugu orain arte menperatu gabeko gailurra zapaltzeko.

Eskalatze sistema askea ikusiko dugu: guk erabakiko dugu aurrera egiteko bidea, baina, adi ibili beharko gara, guztiak ez baitira egokiak. “Eskalatzea borroka bat da”, diote egileek. Segurtasun neurriak hartzea eta ezartzea nahitaezkoa da bizirik jarraitzeko; horrela, sokak zein euste puntuak finkatzen ariko gara gure igoeretan.

Jokoak are gehiago eskatuko eta eskainiko digu. Kanpamendua prestatuta, gau hotzei aurre egingo diegu, baita hurrengo eguneko erronkak gainditzeko beharrezko materiala prestatu ere. Esploratuz baliabideak eskuratuko ditugu, mendi hilgarria garaitzeko eskura daukagun guztia erabili beharko baita.

Mathieu Bablet komikigile frantsesarekin elkartu dira The Game Bakersekoak atal estetikoa nahiz gidoia osatzeko. Cel shading ukituak girotze errealistarekin uztartzen ditu Cairnek, obra benetan ederra eratuz.

Esan bezala, urte honetan ikusiko dugu Cairn, dena ondo badoa: PCrako aurreikusita zeukaten —demoa proba genezake Steam bidez, gainera—, eta, orain, PlayStation 5 kontsolarako bertsioa ere iragarri dute.