Jokoa erreserbatu dutenek egun batzuk lehenago jokatu ahalko dute beta itxian. Urriaren 25ean kaleratuko dute PC, PS5 zein Xbox Series plataformetan.
Bideojokoen egutegia ez litzateke gauza bera izango Call of Dutyrik gabe, eta aurten Black Ops 6 jasoko dugu. Estreinatu aurretik multijokalarian beta fasean jokatzeko aukera egongo dela aurreratu digute Activision Blizzard-ekoek: irailaren 6tik hasita, hiru egunez probaldi irekia antolatuko dute.
BO6ren ediziorik garestiena —110 euro balio ditu— erreserbatzen dutenek, ordea, aurreko asteburuan egingo duten beta itxiko —sarbide goiztiarra deitzen diote webgune ofizialean— lehen probaldian parte hartzeko aukera izango dute: abuztuaren 30etik irailaren 4ra iraungo dute partidok.
Beta jokoa argitaratuko duten plataforma guztietan jokatu ahalko da; beraz, PC, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetan parte har dezakegu.
Arduradunek ez dute betan aurkeztuko dituzten edukiei buruzko xehetasun handirik eman. Halere, mapa zein arma eta abilezia berriak probatzeko aukera edukiko dute jokalariek.
Hamasei mapekin helduko da behin betiko bertsioa urriaren 25ean; gainera, “mugimendu adimentsua” izeneko ezaugarria iragartzen dabiltza. Honi esker hainbat mugimendu eta ekintza konplexu gauzatzerakoan “laguntza” jasoko dugula dirudi, auskalo zer esan nahi duten.
Multijokalariaz gain, jokalari bakarrarentzako kanpainarekin zein zonbien modalitatearekin kaleratuko da BO6. Guztia antolatzen Raven Software eta Treyarch dabiltza, kanpaina zein multijokalaria prestatuz, hurrenez hurren.
Beta fase itxia, hortaz, abuztuaren 30etik irailaren 4ra abiatuko da; bestalde, beta irekia irailaren 6tik irailaren 9ra bitartean egingo dute. Call of Duty: Black Ops 6 urriaren 25ean estreinatuko da PC, PlayStation 5 nahiz Xbox Series gailuetan.
Iruzkinak