2009ko tiro joko arrakastatsuaren berregitea izango da; lehen MW-rekin gauza bera egin zuten orain urte batzuk.
Activision-ek bere jokorik ezagunenetako baten itzulera baieztatu du: urriaren 28an argitaratuko du Call of Duty: Modern Warfare 2. Iragarpena aurrerapen bideo txikiarekin egin dute.
Ahaztu birmasterizazioak: 2009. urtean estreinatu zuten tituluaren remake baten aurrean gaude. Argi geratzen da trailerra ikusita; bertan, frankiziako zaleentzat ezagunak izango diren John Price kapitaina, Ghost eta Soap MacTavish bezalako izenak eta aurpegiak ikus daitezke.
Ez da Activisionek berregiteak prestatzen duten lehen aldia, noski: 2019an Call of Duty: Modern Warfare kaleratu zuten. Adierazi dutenez, sagaren berrabiaraztearen bigarren atal honetako kanpaina “ausartagoa” izango da. Hori horrela, joko berriari buruzko xehetasun gutxirekin geratu gara.
Laster ikusi ahal izango dugu lehen jostagarritasun bideoa, hori bai: Tom Henderson kazetari ezagunak nabarmendu duenez, ekainera arte itxaron beharko dugu. Suposatzekoa da datorren hilabeteko aurkezpen handietako batean azaltzea, ziurrenik Xbox-enean.
Argitaratze data urriaren 28rako ezarri duten arren, plataformak zehaztu gabe daude —nahiz eta zeintzuk izango diren suposa dezakegun—.
Iruzkinak